Hanka bat Herriartekoaren final laurdenetan du Aiak, Errenteriari 3 eta 0 irabazita

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 10a, 10:00

Lehen kanporaketako joaneko hiru partidak erraz irabazita, Aiako palistek esku-eskura dute final laurdenetarako txartela. Dena dela, asteburu honetan Errenterian erabakiko da dena, han jokatuko baitituzte itzulerako hiru neurketak.

Aiak asteburuan ekin dio gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari, eta lehen kanporaketako joaneko partidak nola joan diren ikusita, esan liteke final laurdenetarako txartela esku-eskura duela. Izan ere, 3 eta 0 gailendu zaio Errenteriari, hiru partidak aise irabazita.

Aiarrek etxean jokatuz hasi dute aurtengo Herriartekoa. Hain zuzen ere, ostiral iluntzean Aiako frontoian zuten Errenteriako palistekin hitzordua, ohi bezala, hiru partida jokatzeko: bata, banaka frontoi osoan; bestea, binaka; eta azkena, banaka zazpi koadroren barruan.

Aimar Aranberri, Iban Aldalur, Iker Lizaso, Xabi Azpiazu eta Garikoitz Zubillaga pilotan eroso jardun ziren hasiera-hasieratik, eta aparteko arazorik gabe bideratu zituzten hiru neurketak. Banaka frontoi osoan 20 eta 4 egin zuten; binaka, 20 eta 9; eta banaka zazpi koadroren barruan, 20 eta 9.

Hiru puntuko aldearekin, hanka bat final laurdenetan dute aiarrek, baina oraindik ez dute txartela ziurtatuta. Lehen kanporaketako itzulerako partidak asteburu honetan jokatuko dituzte Errenterian, eta orduan erabakiko da dena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!