"Polita izango da liburua, herritarren jakintza jasoko dugulako"

Onintza Lete Arrieta 2022ko eka. 9a, 08:30
Aharoa Zuloaga, iaz Kultur Etxean sendabelarrez egin zuten erakusketan (Onintza Lete Arrieta).

Sendabelarrei buruzko jakintza ahoz aho transmititu izan da mendeetan, eta hori liburu batean idatziz jaso nahi du Aiako Udalak, herritarrek duten jakinduria bilduta. Aharoa Zuloaga Aiako Udaleko EAJko zinegotzia da proiektuaren bultzatzailea.

Sendabelarrei buruzko liburu bat argitaratzeko lanetan zabiltzate Aian. Nork eta zergatik jarri du martxan proiektua?

Neu nago proiektuaren atzean, udaleko zinegotzi gisa, udaleko beste kideen babesarekin. Pasa den udan sendabelarren erakusketa zaintzen aritu nintzen kultur etxean, eta herritarrak bertatik pasatzen zirenean, askori etxeko oroitzapenak etortzen zitzaizkien, noizbait etxekoren batek erabiltzen zituelako sendabelarrak. Askotan entzun nituen «bai, gure aita zenak berbena asko erabiltzen zuen», «gure ama zenak plantainarekin infusioa hartzen zuen».... Gutxi ziren, ordea, gaur egun sendabelarrak erabiltzen dituztela aitortu zidatenak, eta tamalez, haietako asko adinekoak ziren. Hor konturatu nintzen ondare inmaterialaren transmisioa etetear zela edota jada etenda zegoela. Horregatik jarri nuen martxan proiektu hau, sendabelarrez dakiten adineko herrritarrak gure albotik joan aurretik jakinduria hori biltzea gustatuko litzaigukeelako.

Hori da helburua, beraz?

Esan bezala, proiektuaren helburua da herritarrek sendabelarren erabilerari buruz dakitena jasotzea. Gizaki zein animalien gaitzak sendatzeko zer landare eta nola erabiltzen zen idatziz jasotzea. 

Liburua osatzeko herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. Erantzunarekin gustura?

Egia esan, momentuz herritarren parte hartzea txikia izan da. Liburuak kontsultatu ditut, apirilean herritar batzuei elkarrizketak egin nizkien... Baina ekarpenak jasotzeko Goiz-Argi kanpoan jarri dugun buzoira, adibidez, ez zait inongo orririk iritsi. Hala ere, herritarrek urte guztia dute parte hartzeko. Baliteke aurrerago, berriro ere aurrez aurreko zerbitzua martxan jartzea, batzuei hitz egitea idaztea baino errazagoa egingo zaielako; baina lana tarteko, moldatu egin beharko nuke hori egin ahal izateko. Bestalde, esan beharra dut jada elkarrizketa egin dutenek atsegin handiz hartu dutela proiektu hau, eta oso gustura aritu zirela beren sekretuak kontatzen.

Zer azpimarratuko zenuke orain arteko esperientziatik?

Nik esango nuke jendeak uste duena baino gehiago dakiela. Horretaz jabetu naiz batez ere erakusketara gerturatu ziren herritarrekin hitz egiterakoan eta ondoren, elkarrizketak egindakoan. 

Esan duzu ondare immaterial garrantzitsu bat galtzear dela. 

Hala da. Gaur egungo medikuntza modernoa garatu bitartean, naturak eskaintzen zuenarekin egiten ziren erremedioak edo sendagaiak, bai gizakiarentzat, bai etxeko abereentzat, denok gaixotzen baikara. Lehen, landareen erabilera sendagarri hori, belaunaldi batetik hurrengora ahoz irakatsiz transmititzen zen, ez zen liburuetan idazten. Horrexegatik ikusten dugu proiektu honen beharra. Zerbait polita izango da, herritarren jakintza izango delako.

Zer ari da izaten zailena, eta zer errazena?

Jendeak parte hartzea bultzatzea da zailena; baina zailtasun hori ez da proiektura soilik mugatzen. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak eta biok uste dugu pandemiak psikologikoki asko eragin diela adinekoei. Oraindik asko kostatzen zaie ezertan parte hartzea, etxetik irten eta paseo bat ematea... Errazena, berriz, kontatu didatena eta aurkitu dudana txukun idaztea; gustura ari naiz horretan.

Aiarrek urte osoa izango dute beren ekarpena egiteko

Aiako Udalak urte osoan edukiko du martxan herritarren ekarpenak jasotzeko buzoia Goiz-Argiren lokalaren kanpoaldean. Bakoitzak sendabelarrez dakien hori paper batean idatzi, eta buzoian sartu besterik ez du. "Parte hartzen duten herritarrek zehaztu behar dute zer landare zertarako eta nola erabiltzen duten, gaitzaren arabera ukendu, enplasto, bainuak hartuz, xarabean... erabil daitekeelako", azaldu du Aharoa Zuloaga proiektuaren bultzatzaile aiarrak. "Izen-abizenak jartzea eskatzen dugu, gero liburuxkan bidali duen erremedioaren ondoan bere izena jarri ahal izateko; eta telefonoa ere komeni da, zalantzarik edo izango bagenu idatzi duenaren inguruan, deitu eta galdetzeko".

Landareak, sendatzeko erabiltzeaz gain, beste gauza askotarako ere erabiltzen ziren, eta erabilera hoiek ere kontatu nahi dituzte. "Adibidez,  erramu bedeinkatuak etxeak babesteko ez ezik, hilotzak garbitzeko ere erabiltzen ziren; san juan sortaren osaketa; likoreak egiteko, patxarana esaterako; xaboien osagai gisa...".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!