Ekintzaz beteta datoz Elkano auzoko San Pedro Jaiak

Mireia Galarza Bastida 2022ko eka. 12a, 12:00

Askotariko ekintzak egongo dira bertan, hala nola, idi probak, erromeriak, ume jolasak edota bazkari-afariak. Uztailaren 2an egingo dute auzoko afaria, eta horretarako aurrez eskuratu beharko dira txartelak. 

Bi urteko etenaren ostean, aurten berriro ospatuko dituzte Elkano auzoko San Pedro Jaiak. Egitarau zabala osatu dute ekainaren 28tik hasi eta uztailaren 3ra arte, besteak beste, afaria, erromeriak nahiz idi probak antolatu baitituzte.

Ekainaren 28an hasiko dira jaiak, 20:00etan, txupinazoarekin batera. Ekintza bera egingo dute hurrengo egunean ere, zehazki, 9:00etan. 11:00etan, aldiz, meza nagusia egingo dute, eta ondoren, tortilla patata lehiaketa izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, bertaratzen diren guztien artean banatuko dituzte ondoren pintxoak, eta Zarauztrik taldea izango da auzoa girotzen. Gainera, bazkal ondoren, elkartean taberna irekita egongo dela ere gaineratu dute antolatzaileek, musikarekin. 

Uztailaren 1ean parrilada izango da 20:30ean, Julen Zulaika eta Mantxi bertsolariek alaituta. 23:00etatik 02:00etara, aldiz, DJ Olber izango da Elkano auzoan. Larunbat goizean jarraituko du festak. Hain zuzen, ume jolasak eta hamaiketakoa izango dira bertan 11:00etatik aurrera. Iluntzean, aldiz, 21:00etan, auzoko afaria egingo dute frontoian, eta ondoren Izer eta Alabierrek erromeria eskainiko dute. 

Igandearekin batera amaituko dira festak. 11:00etan elizan egingo dute ospakizuna, eta jarraian herri kirolek hartuko dute Elkano auzoa. Arrite eta Ziotza, Iker eta Jokinen aurka arituko dira pilotan; aizkoran, aldiz, Landa eta Arrillaga izango dira. Harrijasotzaileen artean, Jokin Eizmendi eta Goenatxo izango dira Elkanon. 

18:00etan, berriz, idi probak egingo dituzte auzoan, eta bertan izango dira Arruako Etxetxo, Aiako Maia eta Urnietako Intxaurburu. Amaitzeko, Ansorregi eta Larrañagaren musika izango da auzoa girotzen.

Afarirako txartelak

Antolatzaileek adierazi dutenez, afarirako txartelak ekainaren 19an eta 26an egongo dira elkartean salgai, 12:00etatik 14:00etara. Bestela, ekainaren 18tik 27ra Gazteategi pentsioan ere eskuratu ahal izango dira. Zehazki, helduen txartel bakoitza 27 euro ordaindu beharko da, eta umeena 15.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!