Orioko traineruek aurreneko postuak eskuratu dituzte Coruñako lehen jardunaldian

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 9a, 20:29
Argazkia: Orio Arraunketa Elkartea

Neskak, 11:00 minuturekin, euren txandako zein sailkapen nagusiko garaile irten dira. Gizonezkoak 20:24ean iritsi dira helmugara, euren txandako bigarrenak eta sailkapen orokorreko lehenak, Donostiarrarekin berdinduta.

Emakumeek saio aparta egin dute larunbat arratsaldean, Donostiako Arraun Lagunak 7,08 segunduko aldearekin atzean utzita. “Aurretik goaz, baina bandera bihar erabakiko da” adierazi du Nadeth Agirre patroiak. Denbora-tarte horixe izango da igandeko jardunaldian bigarren postuan geratuko balira ere bandera eramateko izango luketeena.

Lehen jardunaldian kanpoko kaletik “oso gustura” ibili direla dio Agirrek. “Hala ere, ziabogan buelta ematea kostatu zaigu, eta bueltan ez dugu horrenbesteko alderik atera”, aitortu du hala ere. Gaurkoari esker, dena den, Eusko Tren ligako sailkapen nagusiko lehen postuari eusten diote orioko neskek, 11 punturekin. Donostiarrak dituzte atzetik, puntu bakarreko aldearekin. Liga “oso berdinduta joatea” aurreikusten du Agirrek.

Gizonezkoak

Oria-Orialkiko mutilak azken txandan neurtu dira, laugarren kalean. Talde horia hasieran atzean geratu bada ere, arraunkerari buelta ematen jakin du, eta bigarren iritsi da: Bermeo Urdaibai baino zazpi segundu beranduago, eta Hondarribi baino hiru lehenago. Gauzak horrela, 32 punturekin, Orioko gizonezkoek sailkapen nagusian lehen postua partekatzen dute Donostiarrarekin, oraingoz. Gertu dute Hondarribia, puntu bakar bat beherago. Biharko jardunaldian ebatziko da Coruñako bandera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!