'Bizipenen lekuko, margomarrazki sorta' erakusketa estreinatuko du Idoia Aldaik ostiralean

Mikel Eizagirre 2022ko eka. 23a, 12:36
Argazkia: Idoia Aldai

Ekainaren 24tik uztailaren 10era Aiako kultur etxean ikusgai egongo da, 08:00etatik 14:00etara. Igandeetan, berriz, 11:30-14:00 artean zabalduko dute erakusketa. Ostegun hontan bertan ospatuko da inaugurazioa, 19:00etan. 

Hamabost panel inguru prestatu ditu Idoia Aldai margozaleak Aiako kultur etxeko erakusketarako, "motibo zein bizipen" desberdinen lekukotza duten margolanekin. Aiarrak bere obra jendaurrera ateratzen duen lehendabiziko aldia da, eta azaldu duenez, bertan landareak eta txoriak errepikatzen diren arren, erakusketa osoak ez du gai zehatzik. Hala ere, panelak "gaika edo garaika" banatu dituela azaldu du Aldaik, hortik baitator erakusketaren izenburua.

 "Margotzea eta marraztea afizioa da niretzat", dio margolari izendapena errefusatuz. Bere sorkuntzak "bilaketa pertsonalaren eta sentimenduen islada" direla uste du margozaleak. Zentzu horretan, ziur dago badagoela margolanen arteko eboluziorik: "Hain zuzen ere, nik ez nuen behin ere pentsatu erakusketa bat egitea, eta orain, animatu nautenean, margotuz geroztik ikusi gabeko lanak atera ditut, eta badakit zein unetan nengoen haiek sortzean", dio.

Sasoian sasoiko margoak

Inspirazioa bizitzako faseen arabera aldatzen delakoan dago aiarra. "Haurrak jaio zirenetik, adibidez, ez dut akuarela-mahaia zabaldu, koadernotxo batean egin dut lan". Formatu handietan akuarelaz marrazteko ohitura du, lumaz txikiagoetan, edo "eskura duenarekin" bestela. "Konfinamenduan eskura nuena nire alaben estutxea zen, esate baterako".

Ibilbidea

Azken hamabost urteotako lan anitzen aukeraketa bat izan da Aian aurkeztear dena, ez baititu egindako guztiak eskegi. Jendeak bere margolanak ikusteko "urduri" dagoela aitortu du Aldaik, "esparru intimotik at erakusten dudan lehen aldia baita". Margozaleak bere esker onak adierazi dizkie erakusketaren bultzatzaile izan den Ana Lasari eta kartelgintza lanetan aritu den Eva Arratibeli.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!