Hernioko gurutzearen 75. urtemugan agurtuko dute Erniozaleak kultur elkartea

Nerea Uranga 2022ko uzt. 28a, 12:06
2017. urteko iraileko igande batean jendetza Hernioko gurutzerako bidean. (Argazkia: Ihintza Elustondo)

Aiako, Errezilgo eta beste sei herritako hainbat lagunek sortu zuten Erniozaleak kultur elkartea 1997an. San Inazio egunez, datorren igandean, ospatuko dute agur ekitaldia Hernion eta Zelatunen egingo dituzten ekitaldiekin.

San Inazio egunerako, datorren iganderako, agur ekitaldia antolatu du Erniozaleak kultur elkarteak Hernioko gurutzean eta Zelatunen. Hernioko gurutzea jarri zutela 75. urtemuga ospatuko dute, eta era berean, kultur elkartearen jarduna bukatutzat emango dute, 25 urteko ibilbidea eta gero.

1997. urtearen hasieran sortu zuten Erniozaleak kultur elkartea Herniopeko zortzi udalerrietako hainbat herritarrek: Aia, Errezil, Asteasu, Larraul, Alkiza, Albiztur, Hernialde eta Bidania-Goiatz. “Bitan banatzen gaituen hesia izan arren, Hernio guretzat zaindu eta indartu behar dugun gune bat batzen duen benetako kultur erreferentzia da”. Asmo horri helduta eratu zuten elkartea.

Kultur elkartearen lehen ekintza Hernioko gurutzearen 50. urteturrenaren ospakizunen bueltan egin zuten. Batetik, gurutzea eraiki zutenei omenaldia egin zieten, eta bestetik, uztai ezagunak dituen lehen gurutzearen ondoko borda berreraiki zuten Erniozaleakeko kideek. Isidro Lertxundi aiarra da kultur elkarteko kideetako bat, eta hark gogoratu duenez: “Gurutzearen 50. urteurrena hura jarri zutenei omenaldi bat egiteko aukera egokia zela ikusi zen, eta hala egin genuen 1997an. Ospakizun egun hartarako, gurutzea konpondu eta berriztatu egin genuen. Beherago dagoen borda erorita zegoen, eta zortzi udalen laguntzari esker berritu egin genuen”.

Hernioren bueltako zortzi udalerrietako hainbat herritarrek parte hartu zuten lehen jarduera haietan, eta “talde jator bat” osatu zuten, mendi horren inguruak zaintzeko eta sustatzeko helburuz.

Liburua eta ibilaldia
25 urteotako ibilian, Erniozaleak kultur elkarteak hainbat ekintza egin ditu Hernio ingurua ezagutarazteko. “Zortzi herrietatik Herniorako dauden bidezidorren zerrenda osatu eta liburu bat argitaratu genuen, inguru horiek eta herri bakoitzaren Herniorekiko ikuspegia azalduz. Bere garaian, bidezidorrak txukundu, garbitu eta seinaleztatu ziren, gainera. Zortzi herriak lotzen zituen mendi ibilaldia antolatzen ere hasi ginen bi urtetik behin”, azaldu du Erniozaleak kultur elkarteko kideak.

Herniorako bidezidorrak orain dela 10-12 urte garbitu zituzten, Gipuzkoako Mendi Federazioaren laguntzarekin. Gaur egun, ordea, horietako asko ez dira ibiltzen. “Bidezidorrak txukunduta eta seinaleztatuta izatea aberatsa da, baina jendea horietatik ez bada ibiltzen, sastrakak hasten dira, eta bideak garbitu gabe badaude jende gutxiago ibiltzen da; batek bestea dakar”. Egun, hiru-lau bide dira Herniorako “ofizialak edota gehien ibiltzen direnak”, Lertxundiren arabera.

Erniopeko Zortzi Herrien Arteko Mendi Ibilaldia azkenekoz 2018ko maiatzean antolatu zuen Erniozaleak kultur elkarteak; 11. edizioa izan zen hura. Hurrengoa, 2020an antolatzekoak ziren, baina pandemia tarteko, ez zuten egin. “Azkenengo ediziorako, oinezko mendi ibilaldien gainbehera zetorrela ikusten genuen. Izan ere, 2016koan ia 400 pertsonek parte hartu zuten, eta azkenengoan, 200 partaidera ez zen iritsi ibilaldia. Guk oinez egiteko antolatu izan dugu ibilaldia, baina egun jendea mendian erabat korrika ikusten da”.

Mende laurdeneko ibilbidea eginda, kultur elkarteak bere jarduna uztea erabaki du. “25 urte dira Erniozaleak eratu genuenetik, azkar pasatu da denbora. Hernio ingurua zaindu eta babestu behar zelako hasi ginen, ondare aberatsa delako guretzat, eta seguru hasi ginen jardun horretan. Sasoian, ordea, gauzak errazago egiten dira. Orain, ez da ikusten inor kultur elkartearen jardunera batuko denik. Pena bada Erniozaleak kultur elkartea agurtzea, baina bizitzak aurrera jarraitzen du, eta gero ere zerbait etorriko da”, esan du aiarrak.
Gurutzearen 75. urtemugaren ospakizunaren barruan agurtuko dute igandean Erniozaleak kultur elkartea. “Festa giroan egingo dugu elkartearen amaiera, sardina erreak janez eta trikitilariekin ospatuko dugu. Ea eguraldia lagun dugun”.

EGITARAUA
Uztailak 31, igandea
– 10:30. Hernioko gurutzearen 75. urteurrena ospatzeko eta Erniozaleak kultur elkartea agurtzeko aurreskua, Hernioko gurutzean.
– 11:00etatik 13:00etara. Parrilan egindako sardina erreen pintxoak dastatzeko aukera, eta trikitilariekin erromeria, Zelatunen. Erniozaleak kultur elkarteak antolatuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!