Palarako dohainak erakutsi dituzte aiarrek

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 31a, 09:30

Herriko festen atariko asteburuan, pala txapelketa herrikoiko finalak jokatu dituzte Aian. Dozenaka herritarrek bete dituzte harmailak, eta giro polita sortu da. 

Festak iristeko irrikitan daude egunotan aiarrak. Horren erakusle da herriko sarrerako biribilgunean ipinita duten atzera-kontaketa kartela; bertan ikus daiteke zenbat egun falta diren Gazte Egunerako. San Donato eta San Lorentzo jaietarako motorrak berotzen hasteko, pala txapelketa herrikoiko finalak jokatu zituzten atzo, festetako egitarauaren barruan. 

Hainbat kategoriatako finalak jokatu zituzten, denera, sei partida. Jokalarien senitartekoz eta lagunez bete zen Aiako pilotalekua, eta gogotsu animatu zituzten guztiak ere.

10 urte bitarteko kategorian, Urtzi eta Adur izan ziren garaile; 13 urte bitarteko nesken kategorian, Intza eta Sara; 11-15 urte bitarteko mutiletan, Kimetzek eta Ekik irabazi zuten; emakume nagusietan Ainitzek eta Olaiak; binakako nagusian Dani eta Xabi atera ziren garaile; eta banakako nagusian, Aimar. 

Argazkiak: Utzitakoak eta Amaia Urbieta Arruti

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!