Aiako jaietan zerbitzua eskaintzen ari ziren gaueko autobusei eta ertzainei objektuak jaurtiki dizkietela salatu du aldundiak

Juan Luis Romatet 2022ko abu. 8a, 16:30

Gipuzkoako Foru Aldundiak salatu duenez, gertakariak larunbatetik iganderako goizaldean gertatu ziren, eta zerbitzuetako bat bertan behera utzi behar izan zuten segurtasun baldintzak betetzen ez zirelako. 

Aiako San Donato eta San Lorentzo jaietako joan-etorriak errazteko gaueko autobus zerbitzua eskaini du aurten ere Lurraldebusek. Aldundiaren arabera, larunbatetik iganderako goizaldean zerbitzu hori erabili nahi zuen jende asko zegoen eta konpainiak Ertzaintzari deitu zion segurtasuna bermatu zezan. 

Aldundiak bere webgunean argitaratu duen oharrean jasotzen denez, Aiako autobus geltoki inguruan zeuden pertsona batzuk ertzainei eta Lurraldebuseko ibilgailuei objektuak jaurtikitzen hasi ziren. Egoera ikusita, eta "beharrezko segurtasun-baldintzak" betetzen ez zirela ondorioztatu ondoren, goizaldeko 4:25eko zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuten. Hurrengoa zerbitzua 5:40ean izan zen, eta bere zeregina bete ahal izan zuela dio aldundiak, nahiz eta dioen "erabiltzaile batzuengandik zenbait gorabehera isolatu jasan".

Hori dela eta, aldundiko Mugikortasun departamentuak “Lurraldebuseko zerbitzuarekiko eta langileekiko gizalegeari eta errespetuari eustearen” garrantzia azpimarratu du. "Ez dago aisialdirako eskubiderik mugitzeko dugun funtsezko eskubidea bermatzen dutenen lan-eskubidea errespetatu gabe”, dio aldundiak plazaratutako oharrak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!