San Joan Txiki egunarekin hasi dituzte ospakizunak Zelatunen

Mailo Oiarzabal 2022ko abu. 30a, 10:30

Jende ugari elkartu zen atzo Hernio tontorraren magaleko zelaietan, hango bordetan mokadua egiteko zein erromeria giroaz gozatzeko. Atzoko festaren ondotik, datorrenean hasita, iraileko igande guztietan ospatuko dituzte erromeriak Zelatunen.

Erromeriazaleak eta mendizaleak elkarren eskutik hartuta ibiliko dira berriro aurten Zelatunen. Aurten bai, ohi bezala ospatu ahalko dituzte iraileko igandeetako erromeriak Hernio magaleko zelaietan. Eta aurten bai, erromeria horien atariko, San Joan Txiki eguneko festa ospatu zuten atzo bertan Zelatungo bordetan. Borda bakoitzak bere trikitilariak jarri ohi ditu, eta horrela, bertan bazkaldu eta ondoren musikaz eta dantzaz gozatzera jende ugari igo zen Zelatunera. Goiko bideoan, Aizpurutxo eta Itzeder bikoteak Antonioren bordaren atarian eskainitako saioaren une txiki bat ikus daiteke.

Atzoko festaren ondotik, datorrenean hasita, iraileko igande guztietan ospatuko dituzte erromeriak Zelatunen. Hau da igande bakoitzean erromeria girotzen ariko diren trikitilarien zerrenda:

  • Irailak 4: Aitziber Arruabarrena eta Haritz Erasun.
  • Irailak 11: Laja eta Lutxurdio.
  • Irailak 18: Ansorregi eta Larrañaga.
  • Irailak  25: Izer eta Alabier.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!