Sinadurak biltzen ari dira Aian, lehen arreta zerbitzua bermatzea eskatzeko

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko ira. 20a, 13:14
Aiako anbulatorioaren etxaurrea. (Aiora Larrañaga)

Herritar talde bat mobilizatu da udako oporraldian medikurik gabe egon direlako herrian. Osakidetzari helarazteko eskaera izenpetu daiteke farmazian, liburutegian eta anbulatorioan

Sinadura bilketa abiatu dute Aian anbulatorioko lehen arreta zerbitzua bermatzea eskatzeko Osakidetzari. "Azkenaldian, herriko medikuak oporrak hartu dituenean edo beste arrazoi batengatik etortzerik izan ez duenean, ez dute ordezkorik bidali Aiara, eta kezkatuta gaude. Uda honetan esaterako, medikurik gabe egon gara. Egia da, erizaina etorri dela, baina hark ezin du eman sendagileak ematen duen zerbitzua", azaldu dute.

Sinadura bilketa abiatu duten herritarrek badakite aiar asko ez dela egoeraz ohartu, denbora tarte horretan medikuarengana joan beharrik izan ez dutelako. "Baina, badira herrian medikuarekin etengabeko harremanean egon behar duten gaixoak edo adinekoak, eta horiek dira hutsunea gehien pairatu dutenek. Izan ere, gure medikuak gertutik jarraitzen ditu kasu horiek, eta egoera zaurgarrian dauden aiar horiek zaintzeaz arduratzen diren pertsonek kontaktu zuzena izaten dute harekin. Udan, ordea, medikuarekin hitz eginda edo medikua etxera etorrita konpondu zitekeen zenbait egoeratan, anbulantziari deitu behar izan diote", adierazi dute.

Sinadura bilketa

Aiako medikuak hiru hamarkada baino gehiago daramatza herrian lehen arreta zerbitzua eskaintzen, eta laster erretiratzeko adina izango duela uste dute herritarrek. Horregatik, aiarrak kezkatuta daude hura falta denean anbulatorioan zer gertatuko den ez dakitelako. "Izan ere, lehen gure medikua ez zegoenean, ordezko bat bidaltzen ziguten egunean bi orduz edo. Horrek ez du arazoa konpontzen, baina tira. Udako oporretan, ordea, ez dute ordezkorik bidali", zehaztu dute.

Horren aurrean, Aian lehen arreta zerbitzua bermatzeko eskaera egingo dute herritarrek Osakidetzan, eta dokumentua izenpetzeko aukera izango da farmazian, liburutegian eta anbulatorioan bertan. Horrez gain, etxetik atera ezin dutenek edo herrigunetik urrun bizi diren herritarrek eskaerarekin bat egin dezaten bide desberdinak ahalbidetuko dituzte. "Oraingoz jende askok egin du bat eskaerarekin".

60 erreklamazio inguru

Sinadura bilketa abiatu aurretik, 60 erreklamazio inguru sartu zituzten herritarrek Osakidetzan, anbulatorioko erreklamazio orrien bidez, egoera salatzeko, eta adierazi dute udalak ere hitz egin duela zerbitzuaren arduradunekin gaiaz. "Osakidetzatik banan-banan erantzun digute gutun ziurtatu bidez, eta esan digute kasu puntuala izan dela, eta zerbitzua bermatuta dagoela, baina kezkak hor jarraitzen du".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!