236 parte hartzaile bildu ditu Pagoetako orientazio probak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 25a, 09:31

Mapa eskuetan hartuta, Pagoeta parke naturalean zehar balizen bila ibili ziren atzokoan hainbat kirolari. Denetariko maila zuen jendea bildu zen Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatutako proban: mundu mailan lehiatzen duten parte hartzaileak, ohiko orientazio kirolariak nahiz lehen aldiz halako proba batean parte hartu zuten zaletuak.

Euriak ez zuen festa zapuztu atzokoan, eta 236 parte hartzaile aritu ziren mapa eskuetan hartuta Pagoeta parke naturalean zehar, balizen bila. GOT Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatuta, Gipuzkoako 5. Rogainea eta Iberogune Elkarteko Espainiako Txapelketa jokatu zituzten atzokoan. Aiako pilotalekuan elkartu ziren parte hartzaileak, eta handik jo zuten mendi aldera. Mundu mailan lehiatzen duten parte hartzaileak, ohiko orientazio kirolariak nahiz lehen aldiz halako proba batean parte hartu zuten zaletuak bildu ziren Aian. 

Kategoria mistoan, Beñat Arratibel, Oihana Arratibel eta Aritz Ugarte goierritarrak gailendu ziren, zortzi orduko ibilaldian 294 puntu lortuta. Emakumezkoetan, Marylin Idiart eta Mylene Prunier izan ziren irabazle 169 puntu lortuta eta, azkenik, Aurelio Antonio Olivar eta Juan Combarro madrildarrak nagusitu ziren gizonezkoen mailan, 268 puntu erdietsita. Baliza gehien pilatu zuen taldeak 45 baliza topatzea lortu zuen, eta 69 zeuden denera. Antolatzaileek azaldu dutenez, "aurrez pentsatutako estrategia oso garrantzitsua suertatu zen". 

Argazkiak: GOT Gipuzkoako Orientazio Taldea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!