Erakustaldia emanda, Izeta VI.ak irabazi du Pentatloi Sariaren finala

Maialen Etxaniz 2022ko ira. 25a, 09:59
Izeta VI.a podiumean, garaipena ospatzen. (Maialen Etxaniz)

Izeta VI.a nagusi izan zen atzo Azpeitiko zezen plazan, Pentatloi Sariko finalik azkarrenean. Iaz lortutako txapela defendatu zuen aiarrak, eta garaipena errepikatzea lortu zuen, proba 31:36ko denborarekin amaituta, iaz baino ia bi minutu gutxiago behar izan dituen lanak amaitzeko. Argazki bilduma, hemen

Ikuskizun paregabea eta giro ederra. Horixe izan zen atzo gauean Euskal Pentatloi Sariaren finalak Azpeitiko zezen plazan utzi zuena. Ohi baino bost minutu inguru beranduago hasi zen ikuskizuna, Donostiako Zinemaldia tarteko –EITBk zuzenean eskaini zuen finala–, eta ordurako festa giroa zen nagusi zezen plazan. Ikaragarrizko erakustaldiak eskainita, Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI.a'-k eta Nerea Arrutik jantzi zuten Pentatloi Sariaren finaleko txapela. Izeta VI.ak iazko garaipenari eustea lortu zuen atzo. Arrutik lehen finala zuen atzokoa, eta txapela jantzita amaitu zuen estreinaldia.  

Emakumezkoen finala jokatu zuten aurrena. Bertaratutakoen txalo artean irten ziren plazara hiru finalistak: Karmele Gisasola Zelai III.a, Nerea Arruti eta Lucia Orbe. 63 kiloko bola hamabost aldiz jaso, giza proban 250 kiloko harriarekin plaza bat osatu, 45 ontzako bi enbor moztu, 35 kiloko txingekin lau plaza bete, eta korrika kilometro eta erdi egin behar izan zituzten horiek. Orbek amaitu zituen harria jasotzeko lanak aurrena, baina Gisasolak eta Arrutik aurrea hartu zioten ondorengo probetan. Arrutik aizkorako proban tartea kendu zion Zelai III.ari, eta txingekin ondo baino hobeto moldatuta, estreineko finala zuen urnietarrak ekin zion aurrena korrikako probari. Eta horrela amaitu zuen. Nagusitasunez irabazi zuen proba urnietarrak, pentatloiko bost probak 21:09 minutun amaituta. 

Zelai III.ak ezin izan zuen iaz irabazitako txapela defendatu, eta bigarren sailkatu zen 23:22 denborarekin, eta Orbek osatu zuen podiuma, proba guztiak 25:17 denboran amaituta. 

Izeta VI.ak sekulako erakustaldia

Emakumezkoek haien lanak amaituta, gizonen finala iritsi zen ondoren. Sei finalistak hiruko bi txandatan lehiatu ziren, irailaren 3ko finalaurrekoan egindako denboren arabera banatuta. Azken orduko aldaketak izan ziren, ordea, parte-hartzaileen artean. Izan ere, Aitzol Atutxa zen gizonen finalean parte hartu behar zuen kirolarietako bat, baina baja izan zen, eta Aritz Irazabalek ordezkatu zuen hura atzoko finalean. Joseba Otaegi, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Xabier Zaldua aritu ziren nor baino nor lehian. 

Aurreneko txandan, Joseba Otaegi –Basozabalen tokia hartuta–, Ioritz Gisasola Zelai IV.a eta Aritz Irazabal –Atutxaren lekua hartuta– lehiatu ziren lehen txandan. Bigarrengoan, aldiz, eta Julen Gabirondo, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Xabier Zaldua. 

Honako lan hauek egin behar izan zituzten finalistek: 100 kiloko bola 25 aldiz jaso, giza proban 400 kiloko harriarekin bi plaza egin, kanaerdiko hiru enbor moztu, 50 kiloko txingekin sei plaza osatu, eta hiru kilometro korrika.

Proba hasterako Izeta VI.a zen faborito nagusia, finalaurrekoetan lortutako emaitzak hala iradokitzen baitzuen. Aiarrak ez zuen hutsik egin, eta erakustaldi ederra eskaini zuen atzo, Azpeitiko zezen plaza zutik jarriz lasterkako azken itzulian. Txingetan sei plazak jarraian osatu zituen Izeta VI.ak, eta hura izan zen korrikako lanak hasten aurrena. Zalduarekin nor baino nor aritu zen aiarra korrika osatu beharreko hiru kilometroek askorako ematen baitute. Azkenean, ordea, nagusitasunez jantzi zuen txapela Iruretagoienak, bost probak inoizko azkarren amaituta (31:36) Gabirondo sailkatu zen bigarren eta (32:43)  Zaldua (32:58) hirugarren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!