Urdanetako auzo elkartea, auzoa biziberritzeko buru-belarri lanean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko ira. 30a, 13:31
Pagoetara irteera antolatu zuen Urdanetako auzo elkarteak udan. (Urdanetako auzo elkartea)

Urriko asteburuetarako haur eta gazteen pilota txapelketa eta auzotarren pala txapelketa egingo dituzte.

Urdanetako auzo elkarteak haur eta gazteen pilota txapelketa antolatu du urrirako, eta hamabi bikotek eman dute izena. Txapelketan parte hartzeko baldintzetako bat bikoteko kideetako bat aiarra izatea da; hala, auzoko eta herriko umeez gain, Orioko eta Zarauzko pilotari gazteek izena eman dutela azaldu dute antolatzaileek. "Auzo elkarte berria da gurea, eta pilota txapelketa antolatu dugun lehen aldia izateko, gustura gaude izen ematearekin. Adin tarteari dagokionez, partaide gehienak 9-12 urte bitartekoak izan dira", azaldu du Edurne Albizu Lizaso Urdanetako auzo elkarteko kideak. 
Gainera, haur eta gaztetxoen txapelketarekin batera, auzotarren lehiaketa ere jokatuko da. "Gaur bukatuko da izen-ematea, baina auzotarren artekoa denez, ez dugu deialdi irekirik egin. Palaz eta bikoteka izango da". Antolatzaileen asmoa da, partidak urriko asteburuetan jokatzea, eta finalak samartinetan.

Udan ere giro ederra

Iaz sortu zuten Urdanetako auzo elkartea, "auzoa biziberritzeko asmoarekin", baina izurriteak eragindako babes neurriak tarteko, uda honetan hasi dira ekitaldiak maiztasun gehiagorekin antolatzen. "Ekainean, San Joan suarekin abiatu genuen uda. Suarekin batera, afari merienda egin genuen frontoian, eta giro ederra izan genuen hitzordu hartan". 
Horrez gain, abuztuko asteburu batean Pagoetara irteera ere antolatu zuten. "Hogei bat lagun elkartu ginen, eta bertan pasatu genuen gaua. Arratsaldean, umeentzako jolasak antolatu genituen, afari-pasa egin, tertulian aritu eta han egin genuen lo. Goizean, berriz, Urdaneta auzora jaitsi ginen, eta elkartean gosaldu genuen, denok elkarrekin. Esperientzia ederra izan zen", azaldu du Albizuk.  

Gainera, zinema emanaldiak, altxorraren bila jokoa eta paella-jana ere egin dituzte azken hilabeteetan. "Altxorraren bila antolatzen dugun bigarren aldia izan da, eta, azkenean, 40 lagun inguru bildu ginen. Ondoren, paella-jan ederra egin genuen".

Gau Beltza

Urdanetako auzo elkarteko kideak gustura daude antolatzen dituzten ekintzek duten harrerarekin. «Hasieran, zalantzekin hasi ginen antolaketa lanetan, baina jasotako erantzuna oso ona izan da. Jendea parte hartzeko gogoz dago, eta galdetzen digute zein izango den hurrengo hitzordua».

Hala, San Martin jaien aurretik, urrian, Gau Beltza ospatuko dute, auzotarren arteko gaztaina-jana eginez. «Iaz ere antolatu genuen, eta oso ondo atera zen. Gaztaina-jana egin genuen sargardoarekin, eta auzoko ekoizleen gazta eta sagardo batzuk ere zozkatu genituen. Aurten ere antolatzekoak gara».

Eskola Etxea

Urdaneta auzoan, urtetan auzotarren bilgune izan den eskola etxea dute. "Oso zaharkituta geratu da, eta azken urteetan ez zen erabiltzen. Dena dela, auzo elkarteak eskatuta, Aiako Udala eskola etxea konpontzen ari da, eta guretzat oso garrantzitsua izango da. Izan ere, udan kanpoan ekintzak egin daitezke, baina negu partean babestuta dagoen gunea izatea oso inportantea da". Orain, zer antolatu dezaketen pentsatzen ari dira, "adin tarte desberdinetako auzotarren beharrak asetzeko".  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!