Aiako harategiak ateak itxiko ditu gaur

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko ira. 30a, 14:53
Gaur itxiko dute harategia Mikel Rezabalek eta Agurtzane Garmendiak. (Aiora Larrañaga)

26 urtez herriko harakina izan ondoren, harategia ixtea erabaki du Mikel Rezabalek, egoerak hala behartuta.

Gaur izango du azken eguna, eta egun tristea izaten ari dela aitortu du. Kooperatiba eta Mikel Rezabalen harategia dira herriko janari denda bakarrak, baina egoera "eutsiezina" zela aitortu du. "Zaila izan da erabakia hartzea. Faktore asko bat etorri dira: gero eta mugimendu gutxiago nabari da herrian eta hornitzen genituen herriko jatetxe eta tabernak itxi egin dituzte; gainera, aiarrek herritik kanpo erosketak egiteko gero eta ohitura handiagoa dute eta asko jaitsi dira salmentak. Horrez gain, argi-indarraren prezioaren gorakadak ere min handia eman digu, eta Ticket Bai sistema martxan jartzeak inbertsio handia eskatzen zigun. Zaila da egoera horretan aurrera egitea, eta ixtea erabaki dugu". Orain, indartsu aurrera egiteko unea dela uste du Rezabalek. "Ganadua dugu eta baserriko lanetan zentratuko naiz, eta denborak erakutsiko digu zein bide hartu behar dugun".

Rezabal bezalaxe, bezero asko penaturik daude erabakiarekin, eta banan-banan eskerrak emanez agurtu ditu herriko harakinak. Bezeroengandik esker ona jaso du azken egun hauetan, urtetan herrian eman duen zerbitzua eskertu diote.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!