Esti Markezek 'Hitzekin jolasean' bere lehen bakarkako diskoa kaleratu berri du

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 7a, 16:18
Esti Markezek bere lehen bakarkako diskoa argitaratu du. (Esti Markez)

Hamar abesti biltzen ditu diskoak, eta pop, rock eta folk estiloak uztartzen dituela azaldu du abeslari aiarrak. "Freskotasuna eta gaztetasuna transmititu nahi izan dut nire bakarkako lehen lanean, eta oso gustura nago emaitzarekin", azaldu du.

Esti Markezek bakarkako ibilbidea abiatu du, eta beren lehen lana argitaratu berri du, Hitzekin jolasean izenburupean. "Disko freskoa da, alaitasuna eta gaztetasuna transmititzen duena, eta pop, rock eta folk estiloak uztartzen ditu", azaldu du. Diskoa hamar abestiz osatuta dago, tartean azken hilabetetan single gisa argitaratu dituen bi abestiak. "Bi abesti horiek aldez aurretik argitaratu nituen, nahi nuelako nire lanaren pintzelada batzuk erakutsi, publikoak diskoa nolakoa izango zen ezagutu zezan. Gustura nago bi abesti horiek izan duten erantzunarekin".

Diskoa mimo handiz landu duela aitortu du Markezek. "Ez zait gustatzen gauzak presaka egitea eta nire lehen bakarkako lana sortzeko behar nuen denbora hartu dut, presarik gabe. Une batzuetan galduta ere sentitu naiz, baina zorionez baditut inguruan esperientzia handia duten musikariak, tartean nire aita, eta euren babesa garrantzitsua izan da lana osatzerakoan". Hala, Esti Markez, zortzi hilabetez aritu da diskoan lanean: abestiak sortzetik argitaratu bitarteko bidea "luzea eta konplexua" izan dela aitortu du. "Nahiko zorrotza naiz nire buruarekin eta saiatzen naiz perfekzioa lortzen, batzuetan horrekin itsutzera iritsi arte, baina azkenean, emaitza bikaina izan da. Oso gustura nago".

Gainera, kolaborazio garrantzitsuak izan ditu Esti Markezek diskoan; besteak beste, Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta abeslariek parte hartu dute, eta Jon eta Alaia Martin bertsolariek abesti batzuen letrak sortu dituzte.

Diskoa entzungai dago plataforma digitaletan eta salgai estimarkez.eus atarian.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!