Armendigain kaleko lokal baten alokairua lehiaketara atera du Aia Lantzenek

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 8a, 10:30

Lokala hartzen duenak herritarrentzat eta komunitatearentzat proiekzioa izango duen jarduera ekonomiko edo profesionala garatu beharko du han, eta inolaz ere ezingo du biltegi edo bizileku gisa erabili. Interesatuek beren proposamena azaroaren 22ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute udaletxeko bulegoetan, eta gehienez hilabeteko epean, zozketa bidez adjudikatuko dute lokala.

Aia Lantzenek Armendigain kaleko 1. zenbakidun eraikineko 4b lokalaren alokairua lehiaketara atera du. Lokalak 21,77 metro koadroko azalera du, komunitateko partaidetzaren %4,27 dagokio, eta hartzailea behartuta egongo da lokal horretan herritarrentzat eta komunitatearentzat proiekzioa izango duen jarduera ekonomiko edo profesionala garatzera. Horrenbestez, lokal hori inolaz ere ezingo du biltegi gisa erabili, ezta bizileku gisa ere.

Kontratuaren prezioa metro koadroko sei eurokoa izango da, hau da, hilean 130,62 euro gehi BEZ. Kontratua indarrean dagoen bitartean, prezioak ez du inolako igoerarik izango; hori bai, lokala alokairuan hartzen duenaren ardura izango da Armendigain kaleko 1. zenbakiko komunitateko gastuak ordaintzea. Adjudikazioak hiru urteko iraupena izango du kontratua sinatzen den egunetik kontatzen hasita, eta bi aldeak ados baleude, beste hiru urtez luzatzeko aukera egongo da.

Interesatuek beren proposamena azaroaren 22ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute udaletxeko bulegoetan. Proposamenak aztertu eta ontzat eman ondoren, gehienez hilabeteko epean, zozketa bidez adjudikatuko dute lokala. Zozketa publikoa izango da, eta zozketaren data eta ordua udalaren webgunearen bidez jakinaraziko dituzte, gutxienez bi egun lehenago.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!