Lurrarekiko deskonexioa, umeentzako ipuin batean

Josu Galdos eta Ainhoa Yarza ‘Lur’ liburua eskuartean dutela.

Aiako bizilagun Josu Galdosek eta Ainhoa Yarzak Lur haurrentzako liburua argitaratu dute. Aurreneko aldiz aritu dira elkarlanean, baina azkenengo aldia ez dela izango ziurtatu dute, "gustura" aritu direlako.

Behin batean, aspaldi-aspaldi, izarren artetik, Ilargi eta Eguzkiren ondoan, planeta txiki bat jaio zen: gure Lur, Amalur...", dio liburuaren sinopsiak. Josu Galdos (Irun, 1979) eta Ainhoa Yarza (Bilbo, 1979) Aiako bizilagunek sortu dute Lur (1545 Argitaletxea, 2022), haurrei zuzendutako liburua. 38 orri ditu, Yarzak sortutako marrazki ikusgarriz jantziak, eta Galdosek sortutako istorioarekin josiak.

Gehienetan istorioa sortu ohi da aurrena, eta gero, marrazkiak, istorioa ilustratzeko. Lur-en kasuan, ordea, alderantzizko bidea egin dute. Yarza izan zen Lur pertsonaia sortu zuena, "hasiera batean, inolako intentziorik gabe, marraztearen plazer hutsagatik". Baina, marrazkiak egin eta egin, ohartzerako, Lur haziz joan zela dio. Eskuartean marrazki mordoxka zituela ikusita, erabaki zuen Galdosi erakustea. "Harrituta gelditu nintzen marrazkiek zuten kalitatearekin eta indarrarekin", aitortu du hark. Marrazkiek kontatzen zutena harilkatzeko istorioa sortzeari ekin zion orduan. Eta horrela joan dira, pixkanaka-pixkanaka, dena osatzen. Elkarlana hasi zutenetik, marrazki berri batzuk egin behar izan ditu Yarzak, eta testua haietara moldatzen joan behar izan du Galdosek, baina dena erraz eta harmonia onean joan dela esan dute.

Hori bai, sortze prozesuak luze jo duela adierazi du Galdosek: "Lehendabiziko marrazki haiek erakutsi zizkidanetik joango ziren bost edo sei urte". Eta behin lana bukatutzat emanda ere, aitortu du kosta egin zaiela argitaratuko zien norbait topatzea. "Liburua aspaldi geneukan bukatua, baina urte askoan aparkatua izan dugu, zaila delako horrelako lan bat argitaratzea. Duela gutxi, ordea, Oiartzungo 1545 Argitaletxeko kideak ezagutzeko zortea izan dugu. Oso argitaletxe txikia da, eta bertakoak oso jatorrak. Gustatu egin zitzaien gure ideia, eta erabaki zuten aukera ematea eta liburua argitaratzea".

Lur-ek istorio "sinplea eta argia" kontatzen duela azaldu du Galdosek. "Denok ezagutzen dugun istorioa da, gainera: Lurrarekiko deskonexioa, eta horrela bizitzeak sorrarazten digun nahigabea, bakardadea; arrotza sentitzea lurra, arrotzak sentitzea gainontzeko pertsonak... Gaur egun bizi dugun errealitatearen interpretazio bat egitea da liburuaren azken helburua". Idazlearen esanetan, "nahiko argia da liburua, eta marrazkiek ere, beren kabuz eta testuaren laguntzarik gabe, asko esaten dutela".

Ez da Galdosek haurrentzat idatzi duen lehen liburua. Are gehiago, kalean dituen argitalpen gehienak haurrentzako liburuak dira. Baina horren zergatiaz galdetuta, alegia, zergatik idazten duen haurrentzako eta, aldiz, ez helduentzat, ez da azalpen bat emateko gai. "Egia esan, idazten dudanean, normalean ez dut pentsatzen norentzako idazten ari naizen. Kasu honetan bai, aurretik marrazkiak bagenituelako. Helduentzako ari naizenean, poesia ateratzen zait gehiago, eta haurrentzat ari naizenean, ipuinak. Hala ere, ez naiz aurrez formatuan pentsatzen jartzen, halaxe ateratzen zait eta kito". Aurrez, beste hiru lan ditu argitaratuta: Zuhaitz zaharrenaren heriotza (Desclee, 2010), Ipuhinak (Desclee, 2011), Lurretik lurrera (Hiria Liburuak, 2013). Lehendabiziko biak haurrentzako liburuak dira; hirugarrena anaiarekin batera atera zuen poesia liburua da.

"Elkarlan aberasgarria"

Beraz, bere izenean kaleratu duen laugarren lana da Lur, eta Yarzarekin elkarlanean atera duen aurrena. «Aurretik elkarrekin lanik egin gabeak ginen, baina, egia esan, oso esperientzia ona izan da elkarrekin jardutea, oso ondo moldatu gara, eta oso gustura aritu gara. Horregatik, badaukagu elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa, eta baditugu beste istorio batzuk eskuartean. Yarzarekin egindako elkarlanari esker, idazteko modua ere aldatu egin duela aitortu du idazleak. "Lehen, idatzi egiten nuen, baina ez nuen izaten nire hitzentzat irudirik eskuartean. Ainhoaren marrazkiek duten indarrari esker, ordea, desberdin idatzi dut oraingoan, eta asko gustatu zait esperientzia. Oso aberasgarria izan da".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!