Pala txapelketa mistoa antolatu dute bigarrenez Aian

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko aza. 28a, 13:03
Iaz jokatu zen lehen aldiz, Aiako I. Pala Txapelketa Mistoa.

Abenduaren 11 bitartean, irekita dago Aiako Pala Txapelketa Mistoan izena emateko aukera.

Haur, gazte eta helduentzat pala txapelketa mistoa antolatu dute Aian. Hasiera batean, bi kategoriatan banatuko da; 14 urte bitartekoak ariko dira alde batetik eta 15 urtetik gorakoak bestetik, baina antolatzaileek azaldu dute txapelketatik kanpo, LH 6. maila bitarteko haurrentzat ere partidak antolatuko dituztela. Txapelketa abenduaren 19an hasiko da, eta urtarrileko lehen astera arte jokatuko da; finalak, berriz, urtarrilaren 7an izango dira. Antolatzaileek zehaztu dute Teniseko pilota erabiliko dutela eta partidak set erara jokatuko direla

Pala txapelketan izena emateko epea abenduaren 11 arte izango da irekita, eta horretarako aukera dago Aiako Kultur Etxean, 943-13 09 24 telefono zenbakira deituta, edo aiakoke20@gmail.com e-postara idatzita. Bikoteka nahiz banaka eman ahal izango da izena, baina bikoteko kideren batek Aian erroldatua egon beharko du txapelketan parte hartzeko. Dena dela, antolatzaileek jakinarazi dute, txapelketa egokia antolatzeko helburuarekin, antolatzaileek bikoteak edo kategoriak aldatzeko aukera izango dutela.

Parte-hartzaile guztien artean hainbat opari zozkatuko dituzte, baina txapeldunak eta txapeldunordeak zozketatik kanpo geratuko dira, horiek beren sariak izango dituztelako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!