Lardizabal Eskolak euskara ikasten ari diren gurasoak omendu ditu

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko abe. 5a, 09:27
Euskara ikasten ari diren gurasoak eta beren irakaslea omenaldian. (Urola Kostako AEK)

Guraso talde bat euskara ikasten hasi da ikasturte honetan Aisa programaren bidez, eta Lardizabal Eskolako ikasleek eta irakasleek egiten ari diren ahalegina aitortu nahi izan diete. Ostegunean egin zuten ekitalditxoa eskolan bertan.

Aurten, Aiako Lardizabal Eskolako guraso talde bat euskara ikasten hasi da AEKn, Aisa programaren bitartez, eta omenaldi txiki bat egin zieten pasa den ostegunean, Euskaraldiaren barruan. "Euskara ikasten ari diren gehienak atzerritarrak dira, eta ahalegina egiten ari dira gure hizkuntza ikasteko. Horregatik, aitortza txiki bat egin nahi izan diegu", azaldu du Jexux Goikoetxea eskolako zuzendariak. Gurasoek ezer ez zekitela, eskola ordutan, euskara irakasleak Lardizabal Eskolara eraman zituen gurasoak eta han zain zituzten ikasle guztiak, bilduta. Iñaki Gurrutxagak egindako bertso bat kantatu, loretxo bana eman eta euskara ikasten ari direlako oso pozik daudela adierazi zieten Lardizabal Eskolako kideek. "Gurrutxagaren bertsoak gaztelaniaz eta urduz itzuli genituen, gurasoek zer esaten duten jakin zezaten. Berezia izan zen ekitaldia".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!