Ibilgailu elektrikoen eta mugikortasun aukera jasangarrien inguruko tailerra egingo dute Aian

Aitziber Arzallus 2022ko abe. 12a, 11:18
Ibilgailu elektriko bat kargatzen.

Tailer informatiboa hilaren 15an izango da, 18:00ean hasita, Aiako Kultur Etxean. Energia Argitu programaren baitan antolatu dute saioa, eta bertan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da.

Ostegunean ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarrirako aukerei buruzko tailer informatiboa egingo dute Aian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Aiako Udalak elkarlanean antolatuta. 18:00ean hasiko da saioa, kultur etxean izango da, eta parte hartu nahi dutenek biharko —asteartea— eman beharko dute izena. Horretarako, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi dezakete edo 605 75 76 87 telefonora deitu, 09:00etatik 18:00etara bitartean.

Tailerraren helburua da informazioa ematea gizartean txertatzen eta indarra hartzen ari diren mugikortasun eredu jasangarriagoei buruz. Honako gaien inguruan arituko dira: ibilgailu elektrikoen ezaugarriak, kontsumoa, salneurriak, kargatzeko eskakizunak… Era berean, mugikortasunari lotutako beharrei buruz hausnartuko dute tailerrean, motorrik gabe mugitzeko aukerak aztertuko dituzte eta ibilgailu elektrikoak konpartitzeko dauden esperientzien berri emango dute.

Tailerra Energia Argitu programaren baitan antolatu dute, eta Gipuzkoako etxebizitzetan, merkataritzan, enpresetan… energiaren kontsumoa murrizteko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskaintzea du helburu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!