Manex ardiak, berezi bezain urri

Andrea Zipitria 2023ko urt. 6a, 11:00
Joseba Pagadizabal bere ardiekin. (Andrea Zipitria)

Ardiak ugariak dira Aian; ez, ordea, adardunak. Aiako Salbardin baserriko Joseba Pagadizabal gazteak Gipuzkoan urriak diren Manex arrazako 120 ardi ditu bere lurretan. 

Ardi arraza berezitzat jotzen dira gaur egun Manex ardi burugorria eta Manex ardi burubeltza. Frantziako administrazioak bertako arraza autoktonoak direla esaten du; Nafarroan eta Iparraldean ere ugariak dira, baina Gipuzkoan ozta-ozta ikus daiteke halako ardirik, Aian ez bada.

Mota horretako 120 ardi ditu Joseba Pagadizabalek Aiako Salbardin baserrian. "Hamar ardi hartu nituen lehendabizi, bazterrak garbitzeko. Segidan, beste hogei bat ardiren desiran joan nintzen, eta egun 120 buru izatera heldu naiz", zehaztu du Pagadizabalek. "Ikusteko ardi bitxiak dira", jarraitu du. Izan ere, Gipuzkoako ardiek ez dute adarrik izaten; Pagadizabalenek, bai. "Hainbatek ahariekin ere nahastu izan ohi dituzte", azaldu du barrez.

Aiar gazteari betidanik gustatu izan zaizkio ardi bitxiak. Duela urte batzuk Errusiako arrazakoak ekarri zituen, esaterako, baina "arkumeentzako ere ez zuten esnerik edukitzen, alferrak ziren", eta segituan kendu behar izan zituen.

Horien ordez, gertuagokoekin lan egitea erabaki zuen, Manex arrazakoekin. Ipar Euskal Herrira joan ohi da abereen bila. "Itxuraz politenak iruditzen zaizkidanak aukeratzen ditut, baina, ekonomiari ere begiratu behar zaio". Izan ere, kontatu du behin ardi batengatik 1.000 euro pasatxo eskatu zizkiotela.

Zaletasuna

Artzaintza asko gustatzen zaio Pagadizabali. Gaurkoz, ordea, ezin izan du afizio hori ofizio bilakatu, "ardiak lan asko eta etekin gutxi ematen duelako". "Beltz samar dago" lehen sektorearen kontua, Pagadizabalen iritziz. 2022 urtea, gainera, "zaila" izan da ikuspegi horretatik. Euri gutxi egin du, eta horrek asko eragin die baserritarrei. Pagadizabalen hitzetan, "gastua handitu" egin zaie abeltzainei, eta belar nahikorik izan ez dutenez, janaria eta pentsua erosi behar izan dituzte. Arrazoi horregatik, halaber, arkumeen jaiotzak gutxitu egin dira. Horregatik guztiagatik, honako mezua helarazi nahi dio Pagadizabalek gizarteari: "Nekazaritza eta abeltzaintza lanak beharrezkoak dira biodibertsitatearen alde eta klima aldaketaren aurka egiteko. Hori dela eta, babestu egin behar ditugu, eta baserritarrek egiten duten lana goraipatu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!