Turismo webgune berria sortu du Aiako Udalak, aisialdiko informazioa eskaintzeko

Andrea Zipitria 2023ko urt. 11a, 10:02
Aiako Udalaren webgunea ordenadoreko pantailan. (Aiora LarraƱaga)

'Aiaturismoa.eus' urte berria hastearekin batera jarri dute martxan. Hainbat ataletan banatuta dago: ostatu aukera, kultur agenda eta ingurunea ezagutzeko ibilbideak, besteak beste.

Aian webgune berria sortu dute herriko eskaintza turistikoaren posizionamendu digitala mantendu eta indartzeko helburuarekin. Ataria –aiaturismoa.eus–  urte berriarekin batera jarri dute martxan, eta euskaraz eta gazteleraz kontsulta daiteke informazioa, oraingoz.

Aiako eskaintza turistikoa modu "erakargarri eta praktikoan" eskaintzea da asmoa. "Natura, gastronomia eta kultura jarduerez gozatzeko interesa duen bisitariari zuzendua" dagoela azaldu du Aiako Turismo zinegotzi Esti Lizarretak, "masifikatu gabeko helmugak eta xarma handiko txokoak maite dituen bisitariari, zehazki".

Webguneko eskaintza

Webgune berrian diseinu eta edukiak gailu desberdinetara egokitzen dira, eta "nabigazio erraza, azkarra eta intuitiboa" eskaintzen duela argitu du Lizarretak. Adibidez, zer egin, egonaldia antolatu edo agenda eta ekitaldiak atalak ditu webguneak eta horiei esker, "bisitariak aise aurki dezake non jan, non lo egin, zer bisitatu, zer jarduera egin edo, besterik gabe, nola deskonektatu".

Webgunean argitaratutako eduki horien guztien artean, agenda eta ekitaldien atala nabarmendu ditu, herriko hitzordu turistiko eta kultural guztiak daudelako ikusgai bertan. Dena den, beste atal batzuk ere lantzen ari dira, "pixkanaka informazioa hobetzen eta osatzen joateko". Beste kanal digital batzuk elikatzeko ere erabiliko dute webgunea; hala nola @AiaTurismoa-ren sare sozialak (Facebook, Instagram eta Youtube), non sarritan kultura, kirola eta naturaz gozatzeko edukiak argitaratzen diren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!