Urtarrileko agenda aurkeztu du Iturraran Parketxeak

Andrea Zipitria 2023ko urt. 11a, 13:46
Pagoetako Iturraran Parketxea

Alde batetik, garia ehotu, oreari forma eman eta dastatzeko aukera izango da urtarrilaren 22an, eta bestetik, Altxorraren Bila jolasa, hil honetako asteburuetan. 

Urte berria hastearekin batera, Iturraran parketxea martxan da. Bi ekimen antolatu ditu hil honetarako. 

Alde batetik, Eskuak bete ore izenburupean aurkeztu dute tailerra. Urtarrilaren 22an bertaratzen diren herritarrak, garai batean ogia nola egiten zuten ezagutarazteko aukera izango dute. Iturraran Parketxeako zekale ezberdinak ikusi eta aztertuko dira, eta partaide bakoitzak bere opila egingo du. Ogiak labera sartu ondoren, Agorregiko errotetara ibilaldi bat egingo dute, errotan garia nola xehetzen den ikustera.

Bestetik, urtarrileko larunbat eta igandeetan, lorategi botanikoan, Altxorraren bila jolasa izango da. Orientazio zirkuitu bat oinarri hartuta, helburua izango da "jolasaren bidez naturan orientatzen ikastea eta inguruan duguna ezagutzea". Hala, orientazio mapa baten laguntzaz lorategian zehar kokatuta egongo diren balizak topatu beharko dituzte familiek. Eta parte hartzen duten bitartean, naturako zenbait gairi buruzko galderak erantzun, altxorra bilatu ahal izateko.

Bi kasutan, parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman beharko dute izena, 943 83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita. Prezioari dagokionez, opilen tailerrean, bi eta hamabi urte bitarteko haurrek lau euro ordaindu beharko dituzte eta hamabi urtetik gorakoek, sei euro. Altxorraren bila jolasean, berriz, honakoak izango dira prezioak: haurrek hiru euro eta helduek, sei euro. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!