Kultur egitarau "koloretsua eta aberatsa" aurkeztu dute Aian

Andrea Zipitria 2023ko urt. 20a, 10:19
Kultur egitarauko protagonistetako batzuk eta Esti Lizarreta Aiako Kultura zinegotzia, atzo eguerdian Aiako probalekuan

Urte guztirako zazpi kultura ekitaldi aurreiskusi ditu Aiako Udalak, eta bihar bertan izango da horietako lehena, Lehendakari Gaia antzezlana eskainiko baitute.

Aiako Udala duela lau urte hasi zen kulturari bultzada emateko kultur ekitaldiak antolatzen herrian, eta ildo beretik, aurten ere «kulturari bere lekua ematen» jarraitu nahi dute. Aurtengo programa "koloretsua eta aberatsa" izango dela azaldu zuen atzo Esti Lizarreta Aiako Kultura zinegotziak, 2023ko kultur egitarauaren aurkezpenean.

Antzerkiaz, dantzaz eta musikaz gozatzeko aukera izango da datozen hilabeteetan Aiako probalekuan. Guztira, zazpi ekitaldi prestatu dituzte, eta bihar bertan izango da ekitaldi sortako lehena: Lehendakari gaia antzezlana. 
Urtean zehar Aiako probalekuko oholtzara igoko diren artistak honako hauek izango dira: Mikel Urdangarin, Intza Unanue, Olatz Salvador, Janus Lester banda, Huntza taldea eta Kimua dantza kolektiboa.

Bi hiletako sarrerak salgai

Ekitaldietarako sarrerak pixkanaka jarriko dituzte salgai, eta urtarrileko nahiz otsaileko saioetakoak dagoeneko eros daitezke; martxotik aurrerako ekitaldietakoak, berriz, aurrerago jarriko dituzte, eta orduan zehaztuko dute ordutegia ere. Ohi bezala, Aiako Kultur Etxean eta online erosi ahalko dira sarrerak.

Aurtengo kultur programazioko protagonistetako batzuk presente izan ziren atzo eguerdiko aurkezpen ekitaldian: Jokin Pinatxo Janus Lester bandako abeslaria, Kimua Dantza Kolektiboko Ander Errasti oriotarra eta Eneko Galdos dantzariak, eta Intza Unanue abeslari oriotarra. Azken horrek aurreratu zuen disko berria prestatzeko lanetan murgilduta dabilela, eta Aian egingo duela estreinaldia. Hala, bertaratzen diren herritarrek disko berriko kantak lehen aldiz entzuteko aukera izango dute. Kimua dantza taldea ere berrikuntzekin iritsiko da Aiara. GenErorAntz emanaldiarekin "generoaren inguruko hausnarketa" egitera bultzatu nahi dute. 

Egitaraua

Bihar, larunbata. 22:30ean hasita, Lehendakari gaia antzezlana eskainiko dute Iker Galarzak eta Zuhaitz Gurrutxagak. 
Otsailak 11, larunbata. 22:30ean, Janus Lester musika taldeak Ez gaitzala loak harrapatu proiektua aurkeztuko du, probalekuan. 
Martxoak 11, larunbata. Huntza musika taldeak Ezin ezer espero laneko kantuak joko ditu probalekuan. 
Uztailak 8, larunbata. Mikel Urdangarinek 25. urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko du Aian, Rafa Rueda, Ander Hurtado de Saratxo eta Jon Cañaveras musikariak oholtzan lagun dituela.
Irailak 23, larunbata. Kimua dantza kolektiboaren Generorantz antzokirako sortutako ikuskizuna ikusteko aukera izango da.
Urriak 14, larunbata. Intza Unanue abeslari oriotarrak lan berria estreinatuko du.
Abenduak 16, larunbata. Olatz Salvadorrek disko berria aurkeztuko du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!