Urola Kostako Itaiak hitzaldi zikloa abiatuko du ostiralean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 1a, 15:02
Urola Kostako Itaiak Putzuzulo gaztetxean antolatu zuen hitzaldi bat. (Zarauzko Hitza)

Hiru hitzaldi antolatu dituzte Zapalkuntzaren kateetatik askatzeko emakume langileok borrokara! lelopean, eta Aian hilaren 11n egingo dute saioa, larunbatarekin, Antolatzeko beharra izenburupean. 12:00etan izango da, kultur etxean.

Zapalkuntzaren kateetatik askatzeko emakume langileok borrokara! hitzaldi zikloa abiatuko du ostiral arratsalde honetan Urola Kostako Itaiak. Hiru saio prestatu dituzte orotara, eta Zarautzen egingo dute lehenengoa. Ondoren, Zumaian eta Aian egingo dituzte. Datorren astean izango dira horiek, hilaren 10ean eta 11n, hurrenez hurren.

Zikloari hasiera emateko, Bizi baldintzen okertzea hitzaldia eskainiko dute, ostiralean, 18:30ean, Zarauzko gaztetxean. Gainera, saioa amaitzen denean, ekintza gehiago egingo dituztela ere jakinarazi dute: poteo girotua eta futbolin txapelketa, hain zuzen ere.

Datorren asteko hitzaldien hainbat xehetasun ere eman dituzte: Hamaika erronka izenburua jarri diote Zumaiakoa, eta hilaren 10ean izango da, ostiralean, 18:00etan, Oxford aretoan. Aiakoa, berriz, hilaren 11n izango da, larunbatean, eta Antolatzeko beharra izendatu dute. Aiako saioa, eguerdian izango da, 12:00etan hasita, kultur etxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!