Munduko gizonik indartsuena harria jasotzen ikasten jardun da Joseba Ostolazaren Harri Eskolan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ots. 4a, 11:25
Martin Licis, Joseba Ostolazaren Harri Eskolan. (Joseba Ostolaza Harri Eskola)

Bihar, 12:00etan hasita, Abadiñon, harri-jasotze jaialdi berezi batean parte hartuko du Martin Licisek, 2019. urteko munduko gizonik indartsuenak, beste hainbat harri-jasotzailerekin batera, eta saiatuko da ahal duen harririk handiena altxatzen.

Haurra zenetik Ameriketako Estatu Batuetan bizi den Martin Licis letoniarra munduko gizonik indartsuena izendatu zuten 2019an, eta egunotan Euskal Herrian dabil, indarrarekin erlazionatutako herri-kirolak ezagutzen. Hain zuzen ere, Joseba Ostolazaren Harri Eskolan harria jasotzen ikasteko hainbat saio egin ditu, eta igandean harri-jasotze jaialdi berezi batean parte hartuko du, Abadiñoko probalekuan, Unknown Strength izeneko jaialdian. Bertan izango dira Licis, eta Aiako harri eskolako beste hainbat harri-jasotzaile. Ostolazak azaldu duenez, Licis ezaguna da indar-kirolen munduan, nazioarte mailako gizon indartsuen (Strongman) hainbat txapelketa irabazi dituelako, eta youtuberra ere bada. "Sare sozialen bidez ezagutu zuen Euskal Herrian harri-jasotzen jarduten ginela, eta interesa piztu zitzaion. Gurekin harremanetan jarri zen, eta duela hilabete bat etorri zen lehendabizikoz, harria probatzeko asmoz. Lehen aldia izateko ederki moldatu zen, eta proposatu nion hamar egunetarako etortzea, entrenamendu saio serioagoak egin eta jaialditxo bat antolatzeko".

Esan eta egin. Urtarrilaren amaieran iritsi zen Martin Licis berriz ere Euskal Herrira, eta harri-jasotzen aritzeaz gain, herri-kirolen mundua ezagutzen ari da. Joseba Ostolazaren Harri Eskolan trebatzeaz gain, Euskal Herrian batetik bestera ibili da. "Oso agenda okupatua izan du egunotan: Leitzan, Maite eta Inaxio Perurenarekin izan da eta Peru Harri museoa ezagutu du. Tostako arrauna probatu du; sokatira eta giza-proba taldeetako kideekin egon da, eta Izetarena eta Zelairena ere joan da.

Ostolazaren esanetan, "azkar" ikasten du Licisek, "ez baita erraza bi-hiru egunetan teknika ondo hartzea". Bihar, gainera, 12:00etan hasita, Abadiñon, haren bueltan prestatutako harri-jasotze jaialdian parte hartuko du. "Saiatuko da ahal duen harririk handiena altxatzen, kalkulatzen dugu 250 kilo ingurukoa izan daitekeela, ea lortzen duen. Esan behar da gizon handia dela: 1,90 metro neurtzen ditu eta 150 kilo pisatzen, baina hiru entrenamendurekin bakarrik 250ekoa altxatzen saiatzea ez da nolanahikoa", aitortu du harri-jasotzaileak.

Jaialdiaren bukaerarako erronka txiki bat ere antolatu dute, 125 kiloko bolarekin, minutu batean ea zenek altxaldi gehiago eman. Norgehiagoka horretan parte hartuko dute Martin Licisek eta beste bederatzi harri-jasotzailek. "Licis nahiko ondo moldatzen da bolarekin, berak parte hartzen duen txapelketa eta erakustaldietan harri baldarrak eta harri bolak jasotzen dituztelako. Ea zer gertatzen den. Jaialdi polita izango da".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!