ELKARRIZKETA

Aritz Aranguren: "Yeraik 4 urterekin ikasi zuen skatean"

Andrea Zipitria 2023ko mar. 18a, 12:00
Yerai eta Aritz Aranguren Zarauzko skate parkean. (Utzitakoa)

Martxoko aldizkarian Aritz Aranguren Aiako bizilaguna elkarrizketatu zuen Karkarak. Skate zalea da eta semearekin partekatzen duen zaletasunaz aritu zen. Orain, sarean irakurgai dago elkarrizketa.

Zarauztarra da izatez Aritz Aranguren, baina duela hamabost urte inguru jaioterria uztea erabaki zuen, Aiara joateko. Txikitan behin edo behin skatean ibiltzen zela aitortu du Arangurenek, baina zaletasuna ondoren etorri zaio, heldutasunera iritsitakoan. Aitarekin alderatuz, ordea, azkar hasi zen gurpil gainean ibiltzen Yerai semea. Hain zuzen, 4 urte bete berri zituenen. Ordutik, aita-semeak batera ibili ohi dira, baina Yerai abilagoa dela nabarmendu du aitak. 

Nolatan hasi zineten skatean zu eta semea?

Ni txikitan ibili izan nintzen skatean, baina oso gutxi. Orduan futbola zegoen modan, eta skate munduaren berri ezer gutxi genekien. Hala ere, surfarekin batera, betidanik gustatu izan zait, eta pixkanaka, interesa piztu zitzaidan. Semeari lehenengo patinetea 4 urterekin oparitu nion, eta ordutik ibili da skatean. Txikia izanagatik ere abilezia handia zuen. Egia esan, hasieratik ikusi genuen bere adinerako oreka oso ona zuela, eta berari, gainera, izugarri gustatu zitzaion skatea. Bi arrazoi horiengatik, gero eta gehiago ibiltzen hasi zen, gaur arte. Orain 8 urte ditu, eta bere adinean patinetea halako ongi maneiatzea ez da ohikoena, eta ez dut esaten bere aita naizelako bakarrik. 

Lehiatzen aritzen da, ala momentuz zaletasuna da?

Azaldu bezala, oso txikitatik hasi da, eta orain arte ez du aukerarik izan txapelketetan parte hartzeko, adinagatik. Pasa den urtean, esaterako, Euskadiko Txapelketara joan nahi izan zuen, baina ez zioten utzi, ezarritako adina baino urtebete gutxiago zuelako. Hala ere, gure asmoa da aurten parte hartzea. Esan beharra dago oso lehiaketa gutxi egiten direla skatean; beste kirol askotan baino dezente gutxiago. 

Pentsatzen dut, kirol guztietan bezala, ordu asko sartu beharko direla skatean abilezia lortzeko... Zentzu horretan, nola moldatzen zarete? 

Bai, hala da. Ordu asko eskaini behar zaizkio skateari. Aian ez dago skate parkerik, eta inguruko herrietara joan behar izaten dugu skate parkean ibili ahal izateko, Zarautzera edo Azpeitira, kasu. Zarauzkoa txikia da, ordea, eta azken aldian Azpeitira gusturago joaten gara. Izugarrizko parkea ireki dute bertan. Dena den, arratsalde batzuetan nahiko okupatuta egoten da Yerai, beste kirol batzuk ere egiten dituelako. Kasu horietan, street skate edo kaleko skatea bezala ezaguna den modalitatea praktikatzen dugu. Ardi jolasa dagoen parkean ibiltzen gara, edo bestela, herriko eskailerak jaisten. Halaber, etxeko garajean zirkuitu txiki bat ere muntatu dut, euria egiten duen egunetan bertan ibili dadin. 

Orduan,  batez beste, zenbat orduz ibiltzen zarete egun batean? 

Ba, normalean, astean hiruzpalau egunetan entrenatzen dugu, eta joaten garen bakoitzean, batez beste, esango nuke lau orduz ibiltzen garela. Asteburuetan, gehiago, agian. Izan ere, urrutiago dauden skate parkeetara joateko ohitura dugu, Bizkaian daudenetara, adibidez. Kasu horietan, ogitarteko bat hartzen dugu, eta ia egun osoa pasatzen dugu etxetik kanpo. Eskerrak nik ere gustukoa dudan kirola!

Aipatu duzu hainbat modalitate daudela skatean; kalekoa eta parkeetan egiten dena, esaterako. Zein duzue nahiago zuek? 

Bai, batez ere, bi modalitate bereizten dituzte gehienek, horiek baitira ezagunenak: street skateboard –kaleko skatea– eta parkeetako skateboarda. Azken hori da gehien gustatzen zaiguna. Azken finean, gustu kontua da, ez beste ezer. 

Zein egoeretan dago skatea kirol gisa? 

Lehen ez zen hainbeste ikusten, baina orain modan jarri da, eta gero eta gehiago praktikatzen da. Hainbat eskola ere ireki dituzte. Pixkanaka izena hartzen ari dela esango nuke, eta hala izan dadila.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!