Bi film emango dituzte Aian bihar arratsaldean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 25a, 15:30

'Muerte en el Nilo' eta haurrei zuzendutako 'DC Liga de Supermascotas' ikusi ahalko dira Kultur Etxean.

Zinemaz gozatzeko aukera izango dute bihar arratsaldean Aiako helduek nahiz haurrek herriko kultur etxean. DC Liga de Supermascotas animaziozko filma izango da eskainiko duten lehenengoa 16:15ean hasita. Krypto Supermanen laguna den Supertxakurra izango da ikus-entzunezkoaren protagonista eta bahitu egin duten Superman eta gainerako heroiak salbatzeko abenturari ekin beharko dio.

Helduei zuzendutako Muerte en el Nilo filma, berriz, 18:00etan hasiko da. Kenneth Branagh zinegileak zuzendu du eta berak gorpuztuko du, hain justu, filmeko protagonista den Hercules Parot detektibea. Harekin batera, beste hainbat aktore ezagun ere izango dira ikusgai pantaila handian: Gal Gadot, Armie Hammer, Annette Bening edota Emma Mackey, besteak beste.

Ikus-entzunezkoak kontatuko duen istorioari erreparatuta, Agatha Christie idazle ezagunak idatzitako izen bereko eleberrian dago oinarrituta. Ezkondu berri den bikote batek gonbidatuta, Egipton lurrunontzi batean opor bidaia egiten ari dela, ontzian gertatu den hilketa argitu beharko du Parot detektibeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!