Udal eta foru hauteskundeak 2023

Roman Berloso: "Aiako Batzarre Burujabetzak bozeramaile eta ordezkari lana egin nahi du"

Andrea Zipitria eta Urtzi Oteiza 2023ko mai. 9a, 08:00

"Herriak aldaketa" beharra du Aiako Batzarre Burujabetzaren ustez. Aurten, lehen aldiz aurkeztuko da udal hauteskundeetara, eta beraien proposamena "herri mailako bilkura bat osatzea da, herritar oro udalean ordezkatua izateko". ABBko alkategaia da Roman Berloso (Donostia, 1985). Gaur egun Urdanetan bizi da, eta elkarrizketatu egin du Urolako Komunikazio taldeak.

Nor da Roman Berloso? 
Berez donostiarra naiz, baina Urdaneta auzoan bizi naiz. Zortzi urte daramatzat Aian bizitzen, eta hiru alaba ditut. 

Zerk bultzatu zaitu alkategai aurkeztera? 
Nik esango nuke “alkategai” hitza ez zaidala batere gustatzen. Hemen, danok gara berdinak. Herri mailako bilkura bat osatzen ari gara, eta nahi duguna da herritar oro ordezkatua izatea udalean. Helburu horrekin sortu dugu hautesle taldea. Korrika eta presaka ibili gara, sinadura bilketa bat egin behar baikenuen.

Hamaika zinegotziko taldea aurkeztu dugu, eta hiru ordezko. Bada, gehiengoa Urdanetako herritarrak dira, baita ere Zarauzko bizilagunen bat bada tartean. Asmoa, ordea, gure taldeak auzo guztietako ordezkaritza edukitzea da, eta hauteskundeei begira udalean gutxienez lekutxo bat lortzea; herritar guztiek bozeramaile bitartez udaletxean hitza izan dezaten.

Lehen aldiz aurkeztuko zarete udal hauteskundeetara, eta herritarrentzat zerbait berria da Aiako Batzarre Burujabetzak herri plataforma. Zer eskaintzen du duzue?
Aiako Batzarre Burujabetzak antzinatik datorren zerbait da. Azkenean batzordea gure DNAn daramagu, antzinatik hala kudeatu ditugu gure herriak, eta nahi duguna da hori berreskuratu, partidokraziarik gabe. 
Garbi utzi nahiko nuke gu ez garela alderdi politiko bat; horiek herria zatitzen duten modu hori gainditu nahi dugu. Azken finean, herri mailako elkartze hori errekuperatu nahi dugu, eta udalean hitza izatea.

Zeintzuk izango dira Batzarre Burujabetzaren lan ildo nagusiak?
Alde batetik, partiduek sortzen duten zatiketa hori alde batera uztea eta herria elkartzea. Bestetik, auzoz auzoetan egin daitezkeen bilkura horietan erabakiak hartu eta udaletxera eramatea. Azken finean gu bozeramaile eta ordezkaritza lanak nahi ditugu egin.

Auzo asko ditu Aiak, ez da zentralizatutako herria. Nola egingo duzue lan orduan auzoekin, ordezkari bidez?
Esate baterako Urdanetan badugu jada bizilagun elkarte bat, bertako batzordekidea naiz. Bada, herri mailatik etortzen diren proposamenak elkartera eramango nituzke eta alderantziz ere, auzotik udaletxera eraman ditzaket herritarren proposamenak.

Orduan, zuen indarra auzoetan nahi duzue jarri?
Bai, azkenean Aiak hamaika auzo ditu, eta herrigune bat ere bai, noski. Guztiok eduki behar dugu hitza. 

Nola baloratzen duzu azken lau urtetan EAJk udalean egindako lana?
Nik ez dut hitz egingo besteetaz, baina datu bat ekarri nahi dut gogora. Azken hauteskundeetan 550eko abstentzioa izan zen Aian. Datu horrek islatzen du herriak duen nekea. Politika ofizialak gauza asko agintzen ditu, baina bozkatzeko orduan bakarrik. Herri mailan ez dira erabakitzen gauzak, eta  gainera, pentsatzen dugu askotan udaletik bakarrik ez direla erabakitzen. Agindu batzuk goitik datoz, eta horiek bete behar izaten dituzte.

Orduan, udal batek zerri eman behar dio lehentasuna? 
Herriaren hitzari. Udala herritarrok osatu beharko genuke. 

Alkatetzara iritsiko bazina, zein lirateke zure taldeak hartuko lituzkeen lehen neurriak?
Herriak esandakoa. Ni ez naiz inor baino gehiago. Ni bozeramaile eta ordezkari bat naiz. 

Gaur egungo herritarren kezka nagusienetako bat etxebizitzari dagokiona da. Herritar talde bat udaletxera joaten bada kezka horrekin. Zer egingo zenuke?
Berriz errepikatuko dut, proposamen guztietan hitza herriari eman behar zaio. Gauza da herriak berriz ere hitza berreskuratu egin behar duela, ezin duela partiduen aginduekin jarraitu. Lehen aipatu gisa, abstentzioa oso altua izan zen pasa den udal hauteskundeetan. Botoa duen herritarren herenak hain zuzen ere, abstenitu egin zuen. Bide horretatik jarraituta, segituan erdira igoko litzateke zifra hori. 

Orduan, azpimarratu nahiko nuke guk ez dugula proposamenik, batzarraren asmoa da herriak berriz ere hitza berreskuratzea. Hala, herritar guztien arteko proposamenak izango ditugu.

Non ikusten duzu hutsunea Aian?
Partiduek sortzen duten zatiketa horretan ikusten dut hutsunea. Hori da alde batera utzi behar dena. Gu ez gara ezkerrekoak edo eskuinekoak, gu herritarrak gara. Oraingo politikak sortzen duen zatiketa atzean uzten badugu, ohartzen gara guztiok garela herritarrak. Auzoetako elkarteak horren adibide dira. 

Auzo elkarteak jarri dituzu adibide gisa, baina orain dela gutxi Aian sortu da Gazte Asanblada. Horren baitan, zein iritzi duzu? 
Azkenean talde sormenak naturaltasunez hartu behar dira. Batzarre batek ezin du horien gainetik jarri. 

Aiako Gazte Asanbladarekin ere lan egiteko asmoa baduzue, beraz? 
Guztiekin, noski. Herria herritar orok osatzen du. 

Eta beste errealitate bat da gizartea zaharkitzen ari dela. Adineko herritarrentzat zer?
Baserritarrekin, emakumeekin, gizonekin, gazteekin, haurrekin… herritar guztiekin nahi dugu egin lan.

Auzo bakoitzean ordezkari bat nahi duzue lortu?
Bai, Urdaneta, Elkano eta beste pare bat auzoetan baditugu ordezkariak jada. Orain, gure intentzioa auzoz auzo bilerak egitea da. 

Nolako Aia nahiko zenuke lortu zure lanarekin?
Aia elkartu bat, zatiketarik gabeko herria. 

Zergatik bozkatu beharko luke aiar batek ABB?
Aia herriarengatik, herria bateratzeagatik.



 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!