Egun bateko festa autogestionatua antolatu dute lehenengo aldiz Armendigaineko bizilagunek

Andrea Zipitria 2023ko mai. 19a, 09:58
Armendigain eremua. (Andrea Zipitria)

Bihar izango da, eta egun osorako egitaraua prestatu dute bizilagunek: altxorraren bila, txokolata, bazkari autogestionatua eta batukada izango dira besteak beste. "Martxoan Armendigaineko parkean egindako bileran egindako proposamen ireki" batetik sortu dute festa eguna.

Armendigainen lehenengo aldiz egun bateko festa antolatu du. Bertan bizi diren bizilagunek sustatu dute "autogestionatutako eguna", eta hasiera bateko asmoa izan da "herri lana bultzatzea". Hala, Aiako ohiko festa eta ekintza egutegitik kanpo, modu bolondresean aritu dira eguna prestatzen. Hain justu ere, bihar izango da ospakizuna.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "martxoan Armendigaineko parkean egindako bileran proposamen irekia" aurkeztu zuten, eta hortik abiatuta egun osoko egitaraua aurkeztu dute. Egunari hasiera 10:00etan emango diote. Tai Chi eta Gong Tibetarrak egiteko aukera izango da bertako parkean. Ondoren, 11:00 aldera Altxorraren bila ekimenari hasiera emango diote, eta eguerdirako dotore jantzita, vermuteo eta poteo elegantea izango da. Atsedenik hartzeko aukera ez dute edukiko bizilagunek eguerdian. Izan ere, bazkari autogestionatua izango da tripak betetzeko. Aize berri kafetegi atzeko aparkalekuan elkartuko dira. Beharrezkoa izango da norberak bere mahai trenak, janaria eta edaria eramatea. Kafea eta pastak, berriz, antolatzaileek jarriko dituzte.

Arratsaldea ere ekintzaz beteta etorriko da. Txokolatadarekin hasiko dira. Hau, 18:00etan izango da Armendigaineko parkean eta ondoren, batukada osatu dute herritarren artean, eta kalera aterako dira herria dantzan jartzeko asmoz, 19:00etatik 22:00etara. Dena den, festan jarraitu nahi duenak izango du aukera Kanuan. 

Festa autogestionatua

Festa autogestionatua izanik, guztia antolatzeko gutxi gorabeherako aurrekontua 700 euro izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Haatik, "herri eta auzoko bizilagunen artean diru bilketa jarri dugu martxan". Aize Berrin dagoen kaxa batean ari dira jasotzen dirua.

Ekintzak aurrera eramateko beharrezkoa dena baino diru gehiago lortzen badute, Gipuzkoako Elikagaien Bankura bideratuko dute dirua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!