Udalekuetan eta udako kirol ikastaroetako izena emateko azken eguna izango da bihar

Andrea Zipitria 2023ko mai. 25a, 10:00

Uztailaren 3tik 28ra bitartean, udalekuak eta kirol jarduerak antolatu ditu Aiako Udalak. Bihar izango da azken eguna izena emateko. Udaletik azaldu dutenez, kultur etxean eman beharko da izena, 18:30ak baino lehen.

Udalekuak eta kirol jarduerak antolatu ditu Aiako Udalak uda garairako. Uztailaren 3tik 28ra bitartean izango dira ekintzak, eta izen-ematea bihar amaituko da, 18:30ean. Interesa duten herritarrek kultur etxera joan beharko dute aipatutako ordua baino lehen. 

Udalekuen kasuan, hamasei urte bitartekoek izango dute parte hartzeko aukera, eta ordutegia goizeko 10:00etatik 13:00ak artekoa izango da. Aiako bizilagunek 60 euroan eman dezakete izena, eta gainontzekoek 80 euro ordaindu beharko dituzte. Familia bereko hirugarren kideak, ordea, prezioaren erdia ordainduko du. Auzoetako haurrak udalekuetara joan daitezen, autobus zerbitzua ere eskainiko da, 20 euroren truke. Bestalde, zaintza zerbitzua jarriko da martxan, gutxienez hamar pertsonako taldea osatzen bada. Zerbitzu hau, 8:00etatik 10:00etara izango da.

Kirol jarduerei dagokionean, igeriketako eta teniseko ikastaroak emango dituzte uda garaian. Astelehenetik ostiralera, uztailean, arratsaldero 45 minutuko igeriketa saioak egingo dituzte lau urtetik gorako haurrekin. Ikastaroaren prezioa 28 eurokoa da. Teniseko ikastaroa, berriz, uztaileko lehen hamabostaldian bakarrik egingo da; hau da, hamar orduko iraupena izango du. Astelehenetik ostiralera, ordubeteko saioa izango dute zazpi urtetik gorakoek. 20 euro ordaindu beharko dituzte tenisean izena eman ahal izateko.

Bi ikastarotan izena eman nahi duten haurrek, ordea, deskontua edukiko dute; 45 euroko prezioa izango dute.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!