Aiako igerilekuak irisgarritasuna bermatzen duen eraikin berria izango du datorren udarako

Andrea Zipitria 2023ko aza. 23a, 14:54
Aiako eraikin osagarriaren proiektua.

Instalazio berriak 300 metro koadroko azalera izango du, eta eraikinak izango ditu: taberna, komunak eta aldagelak, besteak beste. Aurreikuspenen arabera, Gabonak pasa eta berehala hasiko dira obrak egiten, eta lau hilabete eta erdiz luzatuko dira.

Udal Igerilekuko eraikin osagarria eraikitzeko proiektua onartu du Aiako Udalak. Azaroaren 13an izan zen udalbatzarrean aho batez onartu zuten hiru taldeetako ordezkari guztiek egitasmoa. Obra berriaren helburua da igerilekuko instalazio guztiak irisgarriak izatea, eta eraginkortasun handiagoa duen eraikina edukitzea igerilekuak. Era berean, udako hilabeteetan ematen den zerbitzuaren beharretara egokitzen den sukalde eta taberna bermatzea. Igerilekuaren goialdean, bestalde, begiratoki bat eraikitzea jaso da proiektuan.

599.985,74 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute lanek, eta aurreikuspenen arabera, lau hilabete eta erdi luzatuko dira. Esku-hartze guztiak egiteko igerilekua itxita dagoen garaia aprobetxatuko dute. Gabonak pasa eta berehala obrak hastea da asmoa. Horretarako, urtarrilerako adjudikatuta egon behar luke proiektuak.

300 metro koadroko azalera

Instalazio berriak 300 metro koadroko azalera izango duela aurreikusi dute, eta taberna, komunak eta aldagelak edukiko ditu, besteak beste.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!