Jokoen atzean dagoen mundua

Andrea Zipitria 2023ko aza. 26a, 11:18
Eneko Osia bideojoko sortzailea da. (Andrea Zipitria)

Bideojokoen mundua zaletasun dutenak asko dira; ez, ordea, hainbeste, hori ogibide bihurtu dutenak. Aian bada teknologia hori gertutik ezagutzen duenik: Eneko Osia bideojokoen programatzailea da. Munduko hainbat herrialdetan bizi izan da, eta hainbat motatako bideojokoak sortzeko proiektuetan parte hartzeko aukera izan du. Bere habia bilatu du orain, Aian.

Bideojokoek gizartean arrakasta handia dutela gauza jakina da. Baina, zer dago bideojokoen munduaren atzean? Noski, zailtasunik ez du bideojoko bat zer den galderari erantzuna emateak, edonon baitaude: smartphonetan, tabletetan, kontsoletan, webean, telebistan… Aldiz, gauza konplikatu egiten da bideojokoak nola egiten diren pentsatzen hastean. Ordenagailuko lan astuna etorriko zaie batzuei burura, eta urruti ikusiko dute beste batzuek mundu hori. Bada hori gertutik bizi duenik, ordea, Aian bertan: Eneko Osia iruindarra. Bideojokoen sorkuntzan egiten du lan, hau da, programatzailea da. "Lan asko dago atzetik", azaldu du Osiak: "Departamentu asko daude, eta ni programatzailea naiz. Hobeto ulertu ahal izateko, esan genezake pantaila beltz batean letrak idazten ditudala, eta gero ordenagailuak hori ulertzen duela, eta prozesu horren bidez eta beste batzuek tarteko, sortzen direla bideojokoak. Artistek pisu handia dute bideojokoak sortzeko prozesuan; horiek marrazkiak irudikatzen dituzte, eta mota askotakoak daude; 2D edo 3Dan lan egiten dutenak, adibidez. Produkzioa ere bada lana".  

Gutxi dira horretan jarduten dutenak Espainia mailan, bideojokoen industria ez dagoelako beste herrialdeetan bezain garatua Osiaren aburuz. Eta, horregatik, zailtasunak izan ditu bere jarduna Euskal Herritik bertatik egiteko. Kontatu du biologoa izan nahi zuela hasiera batean; bere ametsa animaliekin lana egitea zen, baina, nonbait, batxilergoko ikasketak egiten ari zenean biologiako irakaslearekin ez zuen batere konplizitaterik sentitu, eta mundu hori aparte uztea erabaki zuen. Batxilergoa amaituta, ez zen unibertsitatera joan. "Zerbait praktikoagoa" egin nahi zuen, eta justu momentu hartan lehengusu bat programazioa ari zen ikasten eskola pribatu batean. Hala oroitzen du ikasketen etapa hura: "Lehengusuak erakutsi zidan zer ikasten zuten, eta asko gustatu zitzaidan. Eskola horrek Ingalaterrako eskola batekin hitzarmen bat zuen hango ikasketak emateko; unibertsitateko ikasketak baino askoz praktikoagoak ziren. Hara joatea pentsatu nuen. Hura bukatzean, titulu ingeles bat zenez, aukera eman zidaten Ingalaterran urte bat gehiago egin eta lizentziatura ateratzeko. Nik etxetik joan nahi nuen, eta aitzakia ona izan zen hura. Urteetan lana egina nuen dirua aurrezteko, eta Ingalaterrara joan nintzen. Ikasketak urte batean osatu beharrean denbora gehiago nahi nuen egon etxetik kanpo, eta bi urtez egon nintzen Ingalaterran. Programazioaren eta internet munduaren inguruan ikasi nuen han: Software ingeniaritza eta interneten teknologia". 

Bideojokoak: onak edo txarrak dira?  

Datorren otsailean kaleratuko du, "zortzi urteko lanaren ondoren", proiektu berria. Hain zuzen ere, Suicide Squad izeneko joko bat estreinatuko dute, plataforma guztietan erabili ahal izango dena. Helduen aisialdirako sortutako joko bat da, eta 241 langilek dihardute proiektu horretan lanean.  

Ildo horretatik, Osia jakitun da bideojokoen inguruan eztabaida ugari sortu dela azkenaldian, eta bere iritzia eman du gaiaz. Bideojokoak onak ala txarrak dira? Askotan errepikatzen da galdera hori, eta Osiak argi du: "Askok bideojokoak konnotazio negatiboarekin ikusten dituzte, baina ez da hala. Esan daiteke bideojokoak arriskutsu bilakatzen direla dependentzia eragiten duten momentuan; erabiltzaileen bizitza bideojokoen bueltan eraikitzen denean". 

Alabaina, kontuan izan behar da, Osiaren ustez, gaur egungo gazteak gizarteko "beste egoera batean" jaio direla. "Gurekin alderatuz, ohituta daude pantailak erabiltzera egunerokotasunean; horrek ez du esan nahi okerragoa ala hobea denik. Kontua ez da gazteei erakargarri zaien elementu bat debekatzea; bideojokoez goza dezatela, baina neurri egokian". 

Ezberdintasunak ere badira bideojokoen barruan: "Batzuk aisialdirako diseinatzen dira eta, beste batzuk, haurrentzako batik bat, hezkuntzarako. Azken horretan etika kontuak hartu behar dira kontuan", nabarmendu du. Horregatik, bideojokoak gazte askoren egunerokoaren parte direnez, "teknologien gaineko heziketa" beharrezkoa dela uste du Osiak, "erabiltzaileentzako, baita erabiltzaile ez direnentzako ere". 

Mundu zabaletik, Aiara

Eta, nola bukatu duen Aian? Galdera horren erantzuna luzea da programatzailearentzat. Ingalaterrara joan ondoren, izan ere, hamaika lekutan ibili da munduan zehar, eta tartean, Danimarkan eta Bartzelonan igaro ditu hainbat urte. Gogoan ditu bere lehen esperientziak programatzaile gisa, bideojokoetatik urrun: "Bartzelonako aholkularitza enpresa batean hasi nintzen lanean, eta bat-batean, bizitza aldatu zitzaidan: trajearekin joan behar izaten nuen lanera, ez nengoen ohituta. Segituan konturatu nintzen ez zitzaidala hori gustatzen, eta lanez aldatu nuen. Bigarren lan horretan bankuentzako egiten genuen lan. Hasieran ondo, gustura ibili nintzen, herrialde asko ezagutu nituen, baina ez zitzaidan lan garbia iruditu", azaldu du. Horren aurrean, aldaketa baten beharra ikusi zuen Osiak. "Eseri eta pentsatzen hasi nintzen, ea benetan zer zen gustatzen zitzaidana", eta ondorio zehatz batera iritsi zen: "Bideojokoak nituen gustuko". Hortik aurrera, bideojokoen industrian egin du lan, eta hainbat urtetan atzerrian ibili eta gero, Euskal Herrira itzultzeko nahia piztu zitzaion. "Kasualitatez" bukatu du Aian. Aurrez uda askotan Zarautzera etortzen zen Iruñatik, baina Aia ez zuen ezagutzen. Interneteko iragarki bateko etxebizitza bat gustatu, eta hala ailegatu zen bertara. Egun, bertatik jarduten du bideojokoak sortzen, nahiz eta lana Ingalaterrako enpresa batentzat egin.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!