Portuak eta mugak zeharkatzen

150.000 pertsonek luzatu zuten eskua, atzo, erabakitzeko eskubidearen alde. Eskutik helduta Durangotik Iruñera; horma eta harresiak hautsi nahian, elkarrekin bizi eta etorkizuna hautatzeko helburuarekin

Orio eta Aiatik 300 pertsona inguru kateatu ziren, Deskargako portuan, Durangotik Iruñearako giza katearen erdigunean. 43. kilometroan bildu ziren oriotar eta aiarrak, eta ordu erdiz eskutik heldu zioten elkarri; pozarren eta hunkituta. Rosi Lazkanok giro familiarra azpimarratu du, eta gaineratu bizitakoa berezia dela oso.

Festa giroan igaro zuten giza katean iraun zuen ordu erdia, baita egunaren gainerako orduak ere. Izan ere, atzokoan, jai giroan aldarrikatu zuten erabakitzeko eskubidea. 123 kilometroko ibilbide luzea motz geratu zen atzokoan. Parte hartzaile kopuruarekin bi bider egin zitekeen bidea; eskuz esku Durangotik Iruñearaino eta buelta.

Eskuekin osatutako katearen ostean Urretxutik Beasainera joan ziren oriotar eta aiarrak, eta han ere festa giroa zen nagusi. Umore onean, alai, ospatu zuten atzo gertatutakoa. Mobilizazio historikoa izan zen, eta bertan izandakoek historia idatzi dute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!