Lan erdiak egin dituzte arraunlariek

Karkara 2014ko uzt. 31a, 10:52

San Miguel eta Euskotren Ligak, biak, estu-estu daude. Lehen postuen arteko lehia bizia da, eta ligaren erdian oraindik dena erabakitzeko dago

Erdi bidean da San Miguel Liga, iritsi da denboraldiaren erdigunea. La Caixa koroarengatik lehian dabiltzan arraunlariek egin dituzte lan erdiak. Baina oraindik liga asko dago aurretik eta guztia dago erabakitzeke.

Ligaren kronograma, pausoz pauso

Duela hilbatete bartzelonako uretan hasi zen San Miguel Liga. Euskadi Basque Country bandera zegoen jokoan, eta lehen jardunaldi horretan ligako lehen bandera eskuratu zuen Oriok. Lehen estropada, lehen bandera eta lehen aliroia.

Bartzelonatik Sanxenxora. Galiziako puntu batetik, beste txoko batera, Bueura. I Bandeira Concello de Bueu oriora etorri zen, eta indarrez astindu zuten herriko plazan zaleen babesarekin.

Bueun lortu zuen banderarekin TKE ligan bandera gehien lortu zituen talde gipuzkoarra izendatu zen Orioko Arraun Taldea.12 urtetan 28 bandera irabazi zituen, ordurako, Orioko taldeak.

Galizia atzean utzi eta Kantabrian izan zuten ondorengo estropada, Pedreñan, larunbatarekin. Euskal kostaldean izan zuten estropada hurrengo egunean, igandean. Donostian izan zen ligako bostgarren estropada. Garaipenik eskuratu ez zuten arren, ligako lehen postua mantentzea lortu zuten.

Donostiatik pasaiara eta Pasaiatik oriora. Etxean jokatu zuten estropada igandean, Bixiguaren Festaren baitan. Berezia zen arraunlarientzat, Udalarentzat eta Arraun Taldearentzat etxean eta ibaian jokatzea.

Pasaian hirugarren helmugaratu ziren oriotarrak, eta Orion bigarren. Urdaibaien atzetik sailkatu ziren eta larunbatean galdutako lidertza berreskuratu zuten.

Pasa den asteburuan Getxon eta Zierbenan izan zituzten estropadak. Ez zen oriotarrentzat astebururik hoberena izan; XXXVI. Ikurriña lortzeko bidean bigarren geratu ziren, Petronor banderan seigarren postuan geratu ziren.

Asteburu horretako emaitzak ligan postu bat jaistea ekarri zuen, eta oriotarrak bigarren dira San Miguel Ligako sailkapenean. 92 puntu dituzte oriotarrek, eta Hondarribia lau puntura dute, 94 punturekin.

Ostegunean Euskadiko Txapelketa izango dute Lekeition. Larunbatean eta Igandean ere estropada izango dute, Moaña eta Boiron. Aste honetan, beraz, hiru estropada jokatuko dituzte oriotarrek.

Amaiera irekia

Denboraldiaren erdialdera iristen ari gara eta amaiera posible guztiak daude zabalik. Oso berdinduta dago denboraldia, eta ezinezkoa da jakitea zer gerta daitekeen estropada bakoitzean, ez baitago bandera gehienak irabazten dituen talderik.

Orain arte lau talderen artean banatu dira garaipenak: hiru Hondarribia Orsak eta Urdaibai Aviak, bi Orio Babyautok eta bat Kaikuk. Sailkapen nagusiari dagokionez Hondarribia da liderra, Oriori lau puntuko aldea ateratzen diolari. Hirugarren Kaiku dago, ligaren buruan daudenak begi bistatik galdu gabe.

Ohorezko txandan ibiliko den laugarren eta bederatzigarren taldearen artean bost puntuko aldea besterik ez dago. San Juan Ibedrola, Tiran Pereira, Cabo, Portugalete Eulen eta zierbena Bahias de Bizkaia dabiltza lehian laugarren postua lortzeko.

Euskotren ligan ere lehia estua

Zumaiarekin batera lehiatzeko txartela eskuratu zuten Hibaika Jamones Ancin, Samertolameu eta San Juan Iberdrolak. Oriok ez zuen lortu Euskotren Ligan sartzea, eta lenean jarraitzen du Kontxako banderari begira.

Euskotren Liga ere emozioz beterik dago. San Juan Ibedrolako Batelerak bi puntuko aldea besterik ez daukate beste bi bandera irabazi dituen Hibaika Jamones Ancinekiko. Atzetik, Zumaia eta Samertolameu taldeak daude.

Elkarrizketak arraunlariei

Ligan zehar elkarrizketak egin dizkiegu emakume eta gizon arraunlariei. Euskotren Ligaren harira hiru elkarrizketa egin ditugu. Bata Orioko Etxeberria entrenatzaileari eta Olasagasti arraunlariari; bestea, Lertxundi arraunlariari; eta azkena, Arriola eta Arruti arraunlari eta patroiari.

San Miguel Ligari lotuta ere egin ditugu hainbat elkarrizketa, lau oraingoz:

Bestetik, kanal berezi bat ere sortu dugu liga bakoitzari lotuta: San Miguel Liga eta Euskotren Liga. Bakoitzarekin erlazionatuta edukiak bilduko dira kanal bakoitzean. Bestalde, twitter bidez ere jarraipena egiten ari gara #SanMiguelLiga traola erabiliz.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!