Triatloia ezagutu, bizi eta gozatu zuten haurrek

Karkara 2014ko ira. 8a, 08:01

Triatloi Udalekuei amaiera emateko Aia-Orio Triatloi Txikia jokatu zen, irteera eta helmuga Orioko Txurruka aterpetxean izan zituena

Bozgoragailuetatik musika, zeru eguzkitsua eta ume ugari kirola egiteko prest. Arrotza zitzaien eta gertutik ezagutu duten kirola praktikatzeko gogoz. Askorentzat lehen aldia zen, estreinakoa; gutxi batzuk ziren Triatloiak egindakoak. 8 urtetik 16 urte bitarteko haurrek esperientzia berri bat bizi zuten larunbatean egin zen Aia-Orio triatloi txikian parte hartzean.

Bainujantzia soinean zutela, margoarekin zenbakia pintatu gorputzean, betaurrekoak hartu eta txistu soinua entzutean korrika irten ziren uretara sartzeko. Igerian egin ondoren bizikletaren gainean jartzea egokitu zitzaien. Zapatilak, dortsala eta kaskoa jantzi, bizikleta hartu eta errioaren albotik ibili ziren txirriduan; joan eta buelta. Itzultzean bizikleta utzi, kaskoa kendu eta korri egiteari ekin zioten. Lasterka igaro zuten helmugako marra partaide guztiek, pozarren. Txurruka aterpetxea zen erdigunea, bertan hasten zen eta amaitzen zen proba bakoitza.

Giro ederra eguraldiari dagokionean, eta giro paregabea bertaratutakoei dagokionean. Esperientzia gogoangarria izan zen partaide askorentzat, eta gazte askok aitortu zuten probatzen zuten lehen aldia izan arren azkena ez zela izango. Guztiz gomendagarria izan zen esperientzia, polita eta ezberdina. Domina lepotik zintzilik zutela itzuli ziren partaide guztiak etxera.

Nik Tri udalekuak Orion

Triatloia gertutik ezagutzeko aukera izan dute haurrek Triatloi Udalekuetan. 10 eta 16 urte bitarteko haurrak Txurruka aterpetxean elkartu dira, eta sei egunez hiru diziplina hauek praktikan jarri dituzte: igeriketa, bizikleta eta lasterketa. Hirurak uztartuz Triatloia ezagutu dute, baina, horrez gain, osasuntsu mantentzeko beste hainbat giltza ere landu dituzte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!