Alzheimerraren inguruko argibideak eskura

Karkara 2014ko ira. 18a, 09:12
Argazkia: AFAGI

Orioko herriko plazan izango dira gaur, irailaren 18an, AFAGI elkartekoak 10:00etatik 14:00etara.

AFAGI Gipuzkoako Alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkartea da, eta hauen guztien bizi kalitatea hobetzea du helburu. Gaixotasun honen ondorioak jasaten dituztenei laguntzea da, besteak beste, elkartearen eginkizun nagusienetakoa.

Hiru egun barru, irailaren 21ean, alzheimerraren aldeko nazioarteko eguna da. Hori dela eta, AFAGIk Gipuzkoako hainbat herritan mahaiak jarriko ditu informazioa zabaltzeko eta herritarren dudak argitzeko. Orioko herriko plaza hartuko dute gaur, irailaren 18an, AFAGI elkartekoek. Informazioa banatzen egongo dira gainontzeko postuen artean, 10:00etatik 14:00etara.

Alzheimerraren aurrean ez zaude bakarrik

Gaur egun gehien diagnostikatzen den dementzia da Alzheimerra. Izena 1906. urtean eman zitzaion, gaixotasun arraro bat ondorioz emakume bat hil zenean. Arraroa zena ohiko bihurtu da, egun asko eta asko baitira gaixotasun hau dutenak.

1991 urtean AFAGI jaiotzen da, Gipuzkoan gaixotasun hau duten familien defentsari eta bozeramaile bihurtzeko bokazioarekin. Alzheimerraren aurrean bakarrik ez egotea da elkartearen filosofia, hortik, Alzheimerraren aurrean ez zaude bakarrik leloa.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!