Zortzi lan saritu Euskaraz Gazte literatur lehiaketan

Karkara 2014ko abe. 3a, 12:16

Luma zorroztuta, istorio eder ugari kontatu dituzte bai ipuin formatuan, bai olerkien bitartez. Guztien artean zortzi hoberenak hautatu ditu epaimahaiak. Atzo banatu zituzten Euskaraz Gazte literatur lehiaketako sariak.

 

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan banatu ziren literatur lehiaketako sariak. Iaz baino lan gehiago aurkeztu dira aurtengoan, lan ederrak epaimahaiaren ustez. Gainera, ahots berri ugari batu zaizkie, eta hori pozgarria dela aitortu dute.

Eli Manterolak, Eli Lasak eta Jabi Zabaletak osatu dute epaimahaia. Hiruren arten eztabaidatu ondoren zortzi lan saritu dituzte: hiru ipuin eta bost bertso.

Hiru istorio eta hiru sari

Ipuinen sailean Osaba Joxeren sotoko kutxak jaso du hirugarren saria. Orioko erreferentziaz jositako ipuin goxoa da, oraina eta iragana konbinatzen dituena. Marisa Arruabarrena da egilea eta 150 euro eta oroigarria jaso ditu egindako lanarengatik.

Bigarren saria Arantxa Otaegik jaso du, 200 euro eta oroigarria. Soil-soila da epaimahaiaren ustez ipuina, eta bere soiltasunean ederra. Txuriak betetzen du ipuinean Aiara egokitzeko prozesua nola bizi duen kontatzen du pintzelkadaz pintzelkada, herriaren erretratu polita osatzen du.

Eli Huegun izan da ipuinen sailean irabazle. Kea dario itsaspetik ipuinean maitasun istorio eder bat kontatzen du. Oriotik joan eta bizitza osoa kanpoan daraman arren, herrian utzitako maitasuna ahaztu ezin duen pertsonaiaren azalean jartzen da egilea. Oso ondo kontatzen ditu haren arrangura eta sentimenduak, aitortzen du Jabi Zabaletak eta gaineratzen du, istorioari doakion tonu tristean kontatzen du. Idazlan honekin 300 euro eta oroitagiria eskuratu ditu Huegunek.

Olerkietan bertsoa saritu da

Iaz bertso gutxi aurkeztu zirela eta, kexatu egin zen epaimahaia. Aurten, saritutako lan guztiak bertsoak izan dira. Saridunek bertsoak kantatu dituzte oholtzara igota.

Bi accesit banatu dituzte, bi 100 euroko sari eta oroigarria. Bata, Jokin Zumetarentzat izan da. Sei bertso ederretan lehengo eta oraingo garaiak alderatzen ditu egileak. Bestea, Rosi Lazkanok jaso du. Oporraldi ezberdinak bertso sorta idatzi du, oporren kontaketa bizia egiten du.

Hirugarren saria Garazi Urretabizkaiarentzat izan da, 150 euro eta oroigarria. Goizean goiz jaiki, Kutixin kafea hartu, Maribirena egunkari bila joan eta egunkarian irakurritakoaren kontaketa egiten du.

Kepa Maizek sorta bat egitekotan ondo eginda egon behar duela dio, kontzientzia lasai uzteko. Epaimahaiak ongi egindako bertso sorta honi bigarren saria eman dio.

Bertso eskolakoak izeneko bertso sortak irabazi du lehen saria. Oskorrik famatu egin zuen Euskaldun berria baladan doinuan kantatu ditu lau bertso ederrak. Horietan bertso eskolara doan bertsozalearen pozak eta sufrimenduak aipatzen ditu, umorez. Bertsoen egilea eta olerkien sailean irabazlea Mikel Iruretagoiena izan da.

Saritutako lan guztiak, Karkaran

Lehiaketan saria lortu duten lan guztiak argitaratuko dira Karkaran. Oraingo alean ez, urtarrilekoan kaleratuko dira. Honela, herritar guztiek irakurri ahal izango dituzte herritarrek idatzitakoak.

Sarien ondoren, bakarrizketa

Erdaldun berrien kluba bakarrizketa hasi zen sari banaketa amaitu bezain pronto. Olatz Pagaldai eskoriatzarra da aktorea eta Irantzu izeneko neska baten azalean jartzen da. Euskaraz pentsatzen eta sentitzen du, euskara du ama hizkuntza. Horrek, hamaika arazo sortzen dizkio egunerokotasunean eta bizipen horien kontaketak osatzen du antzezlana.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!