Etxeko kontsumotik kontsumo taldeetara

Karkara 2014ko abe. 29a, 11:06

Eman eta jaso, jaso eta eman; ba al dago ederragorik? Erein, fruituak jasotzeko. Lurra ustiatu, haziak landu; gero, uzta biltzeko.  Baserritik hurbil kokatu ohi dira baratzak, lur ona dagoen tokian. Lehen, garaian garaiko uzta jasotzen zuen baserritarrak, batez ere, etxeko kontsumorako. Feriara ere jaisten ziren, astean behin, beste baserritarrekin bildu eta herritarrekin berriketan aritzera.

Barazki freskoak, natural-naturalak. Baita esnekiak edo oiloen arrautzak ere. Eta abereak. Urria izanagatik, salmentara zuzendutako ekoizpena ere egiten zen.Ereduak aldatu dira. Gero eta baserritar gutxiago daude, baina baratzagintzara jo duten kalekume –gazte– gehiago dago.  Saltzeko modua ere aldatu da, guztia ez da azokara mugatzen.  

Baratzagintza tradizionala

Garai batean ia herri osoa hartzen zuten baratzek. Denborarekin, lur sailak eraikuntzarako erabili dira eta, gaur egun, muntoren eta autobidearen artean daude Orioko gehienak. Bertara gerturatuz gero, lurrak lantzen dituztenak adinekoak direla ikus daiteke.

Bizi osoa darama baratzean Dibina Lanberrik, amarekin joaten hasi zen umea zela. Hasieran beharrez, eta gero gustua hartuta, egunero pasatzen ditu orduak lurra lantzen, haziak ereiten eta uzta jasotzen. Konturatu gabe pasatzen zaizkit orduak, ondoen nagoen momentuan joateko garaia dela konturatzen naiz. Gainera ez dut lurra bakarrik lantzen, antxoa kontserbak egitera ere hona etortzen naiz.

Nicolas Tamayo ere egunero joaten da baratzera. Denbora-pasa bezala hartzen dute askok, erretiroan zerbait egitearren. Baratza lantzean eta etxera jakiak eramatean, probetxuzko lana egiten ari dela-eta, pozik sentitzen da. Hobe da baratzera etortzea egun osoa tabernatan pasatzea baino. 1990. urtetik du baratza berak.

Lurrak ez dira berenak, patata zakuen truke lantzen uzten dizkie jabeak. Ez du nahi dirurik, ni baino lehen zegoenak ere 100 kilo patata ematen zizkion eta niri gauza bera eskatzen dit, dio Tamayok. Letxuga, azalorea, brokolia eta azak dituzte orain lurrean; tipula, babak eta baratxuriak landatuko ditu datozen hilabeteetan. Urte sasoi txarra da lurra lantzeko, hotzagatik. Negutegia duenak letxuga eta aza landatu dezake, baina neguan gauza gutxi dago egiteko.

Lantzen dutena etxerako izaten da normalean; norberak jateko eta familiari emateko. Norberak egindakoa  etxean jatea gustura hartzen da, gogoz egindako lanaren fruituak kontsumitzen ari zara, dio Dibinak. Tamayoren ustez, gainera, saltzea ez da errentagarria, egiten den lanerako oso gutxi ordaintzen zaio nekazariari.

Ahal duen produktu kimiko gutxien erabiltzen ditu Tamayok. Gaixotasunen bat badu landareren batek, fruiturik ez duen arte itxaroten du zerbait emateko. Lehen patatol izeneko produktu bat erabiltzen zen –dio Lanberrik– baina galarazi egin zuten. Ahal dugun moduan egiten diegu aurre orain zomorroei; baina gutxiago edo gehiago, botika bota beharra dago.

Salmentarako ekoizten

Denbora pasa baratzera joan eta etxerako uztarekin itzultzen direnez gain, badira eguneroko ogia barazkigintzak ematen dietenak ere. Egunero-egunero baratzera joan, lanean aritu, eta astean behin herriko plazara jaisten diren bi nekazarirekin elkartu gara: Ibon Berasaluze eta Iñaki Zaldua.

Etxerako adina barazki landatzen ditu Ibon Berasazulek. Etxean kontsumitzeaz gain, herriko plazara ere jaisten da, azokan saltzera. Hasieran otarrak egiten nituen, baina zailtasunak izan nituenez, azokara joaten hasi nintzen, azaldu du Berasaluzek. Gustura dago azokako salmentarekin, jasotzen duen uzta saltzeko aukera baitauka.

Oriotarren kontsumo-ohiturekin, ordea, ez dago horren kontent. Behin, erromesak etorri zitzaizkidan, eta ikusi zuten salmentan nituen produktuak freskoak eta naturalak zirela. Nik esandako prezioan erosteko prest zeuden, balioa kalitateari eman baitzioten. Oriotarrek, ordea, beste kultura bat dutela gaineratu du: prezioari begiratzen diete, eta hor kalte handia egin du Eroskik. Bost kilo patata euro batean salduz gero, guk ez daukagu zer eginik. Hemen ez dute kalitatea baloratzen.

Dena den, barazkien kultura indartzen ari dela aitortu du. Gero eta gazte gehiagok jo du baserrira, eta guztiek, ekologikoaren aldeko apustua egin dute. Berasaluzek ere bai: dauzkagun lurrak zoragarriak dira, dena etortzen da.  Lurraren zikloak errespetatzen ditut, lurra lantzeko garaian konposta erabiltzen dut –ahalik eta gutxien–, landareak aldatzen joaten naiz –lurrari beti elementu berbera ez kentzeko eta oreka bat egoteko–, plagei era naturalean aurre egiten ahalegintzen naiz eta produktu kimikoak alboratzen.

Horrek guztiak lan handia eskatzen du, bai fisikoa, bai mentala: Nahiz eta oporretara joan, ezin duzu deskonektatu. Lotuta zaude. Beti eguraldiari begira. Garai batean ez zegoen gaur egun dugun beharra oporretara joateko, beraz, orain zailagoa egiten da nekazaritzan aritzea.

Herriko plaza kontsumo taldeen bilgune

Duela hiru urte eman zuen salmentarako pausoa Iñaki Zalduak. Kontsumo taldea sortu zuen, egun 35 lagunek osatzen dutena. Urte hauetan guztietan batzuk utzi egin dute taldea, ez baitziren ohitzen aukeratu gabeko produktuekin moldatzera. Beste batzuei, ordea, interesa piztu eta izena eman dute. Egonkortasun ekonomikoa ematen diote bezero horiek, aurrera jarraitzeko babesa. Erosleen perfila ez da nolanahikoa: bertako produktuak babesten dituzte, kontzientziatuta daude.

Osasuntsu jan nahi duen bezeroa da Zalduarena; eta bera, produktu osasungarriak eskaini nahi dituen saltzailea: lurraren egitura eta bizitza errespetatzen saiatzen naiz. Izan ere, lurrari behar dituen nutrienteak ematen badizkiozu eta zikloak errespetatzen badituzu, zure uztak ez du arazo handirik izango.
Ekologikoaren zigiluak eskatutakoa betetzen duen arren, Zaldua ez da halakoen zale. Industriak ikusi du handitzen ari den merkatua dela; hortaz, bertan sartu da eta zigilua lortzeko baldintzak lausotu egin dira.

Eginda baino geldirik dagoen proiektua

Udalak bi lursail ditu Palota inguruan. Duela hamar urte-edo, erabiltzaile gutxi batzuk zeudela eta eskaera handiago zela ikusita, sail horiek , 200m2ko partzelatan zatitu genituen. Gari hartako erabiltzaileak jubilatuak ziren eta beren artean konpontzen joan dira, inongo arau eta kontrol zehatzik gabe.

Azken urte hauetan asko gehitu dira eskaerak, baratza lantzeko lurrarenak. Kopurua gehitzeaz gain, eskatzaile mota ere aldatu egin da: langabezian dagoen jendea, gazteak, etxekoandreak, beren barazkiak landu nahi dituzten atzerritarrak... dira orain baratzean ibili nahi dutenak. Dauden sailei probetxu gehiago atera eta banaketa orekatuago bat egiteko asmoarekin, proiektu bat jarri zen martxan Kutxa ekogunearen partaidetzarekin: Baratze parkea deitzen zen.

Udalaren eta Kutxaren arteko lankitzetza-akordio bat landu zen arlo ekonomikoa ere kontuan hartzen zuena. Proiektuak zenbait udal partzela herritarren eskura jartzen zituen aisialdirako baratze modura. Elementu komun batzuk planteatzen zituen zerbitzu orokorrerako,  kooperatiba moduko zerbait antolatu erabiltzaileen artean. Ekogunetik aholkularitza eta laguntza, sustapena eta jarraipena egiteko proposamena zegoen.

60-65 m2ko 70 partzela proposatzen ziren proiektuan. Denera, 157.602 €ko aurrekontua zuen eta Kutxak %60 ordaintzen zuen. Guzti hau martxan jartzeko, Udalak araudia landu zuen eta, martxan jartzera zihoanean, Kutxak atzera egin zuen eta, Udalak ezin zuenez ekonomikoki proiektu osoa berak bakarrik martxan jarri, bertan behera geratu zen.

Gaiaren interesa kontuan izanik, birmoldatu egin zen proiektua, kostu baxuago batera egokitu, lurrak zatitu eta banatu eta funtzionamendu soilago batekin martxan jarri. Horren aurrekontua 71.283,83 €koa da.
Udalak, inbertsiotarako dirua murriztu du, beste lehentasunak ditu eta mahai gainean geratu da gaia. Proiektua eginda dago; baina geldirik.

Baratzak hiru ikastetxeetan

Ingurumena babestearen eta, batez ere, ezagutzearen aldeko balioak sustatzeak duen garrantziaren jakitun dira gure ikastetxeak. Gero eta gizarte hiritarrago honetan, eskola-baratzeak ikasleek lurrarekiko eta gizakiaren bizitzako oinarrizko elementuekiko harremana ez galtzeko irtenbideetako bat dira. Orioko Herri Ikastolak, Zaragueta Herri Eskolak eta Aiako Lardizabal Eskolak bat egiten dute ekimen  horrekin. Hirurek dute eskola-baratza.

Lardizabalgoa da hiruretan berriena. 2014an hasi ziren eskola baratzarekin lanean, Udalak utzitako lurretan. Guraso laguntzaile bat dute, eta hark egiten ditu prestaketa eta zainketa lanak. Lehen Hezkuntzako haurrak, irakasle baten laguntzaz, baratzean aritzen dira lanean.

Urtebete egin du ikastolako baratzak, 2013ko irailean jarri baitzen martxan. HH eta LHko ikasleek kudeatzen dute, eta taldeetan egiten dute lan, jarduerak txandakatuz eta informazioa trukatuz.

Zaraguetako baratza 2010ean sortu zen. Gure inguruan aitzindaria izateaz gain,  eredugarria ere bada. Lau urtetako esperientzia aberatsa eta emankorra izan da haurrentzat, baita laguntzen aritu diren gurasoentzat ere.

Hiru ikastetxeek eskola-baratzaren alde egin dute, nezakaritzaren ezagutza izan dezaten egungo haurrek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!