Turismo helmuga onenaren saria Urola Kostarentzat

Karkara 2015ko urt. 29a, 10:18

SICTED-eko 2014ko Turismo Helmuga Onenen lehiaketan lehen finalistaren saria eskuratu du eskualdeak

SICTED turismoa jasotzen duten lurralde eremuetan eskaintzaren kalitatea hobetzea helburu duen proiektua da. 183 turismo helmuga eta 5.000 enpresa inguru ditu bere baitan, eta bertan dauden eskualde, udalerri eta enpresek ahalik eta turismo kalitate onena eskaintzeko lan egiten dute.

Urola Kosta 2006an sartu zen sisteman eta eskualdeko turismo eskaintza hobetzeko lanean ari da geroztik. Eskualdeko turismo sektoreko 76 enpresa daude proiektuaren barruan –ostatuak, jatetxeak, tabernak, museoak, turismo aktiboko enpresak...– beren lehiakortasuna hobetzeko.

SICTED sariak, V. edizioa

2014ko Turismo Helmuga Onenen lehiaketan lehen finalistaren saria jaso du Urola Kostak. Urtero egiten den lehiaketan, SICTED-en parte hartzen duten turismo helmuga guztien artean aukeratu dute eskualdea, kalitatezko turismoaren sustapenean egin duen lanagatik.

Urola Kostako Udal Elkarteak dio udalek sektorean kalitatea sustatzeko egin duten ahaleginagatik eta lehiakortasuna hobetzeko programetan parte hartu duten enpresen ahaleginagatik jaso duela sari hau gure eskualdeak.

Gaur bertan, urtarrilaren 29an, jasoko dute udal ordezkariek saria, Madrilen egiten den turismoko nazioarteko azokan, FITUR-en. Horrez gain, azokan egongo den Euskadiko standean bere txokoa izango du Urola Kostak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!