(Des)berdinak

Ander Atorrasagasti 2015ko ots. 2a, 12:22

Jakina da, hauteskunde urtean murgildu garen honetan, promesa mordoa entzun beharko ditugula, ilusio berriak denon partetik; baina, zer aldatu zaigu lau urte hauetan?

2011ko apirila. Sozialistak arrosak banatzen azoka egunean, jeltzaleak gozoki berde eta gorriak oparitzen kaleetan, popularrak txaleten neurriak aldatu nahian, Oraineko flyerrak etxean bueltaka eta Bildukoak isunei buruz hitz egiten plazan, betiko leloa.


Lau urte pasa eta gero laster hasiko gara berriz propaganda berdina jasotzen, megafonodun kotxeak egunero ikusten, postaria kolore guztietako gutunak banatzen... Spotifyn ere Miguel Buen sartu ziguten abestien artean, ea aurten nork egiten duen publizitate desberdina! Azken finean aurreko lana ondo egin beharra dago, diskurtsoa ondo ikasi behar da, begietara sartzen den material sexya sortu... Lau urteko soldata lortzeko zenbat gauza egin behar!


Aurten zerbait berririk izango ote dugu postontzian? Asko birziklatzen dugula udaletxeko balkoian jartzen digute, baina zenbat paper xahutuko ote dugu botoen lehia horretan aurrea hartzeko? Gogoratu zaborrik onena sortzen ez dena dela, beraz, nire etxerako propagandak aurrezteko moduan zarete!


Jakina da hauteskunde urtean murgildu garen honetan promesa mordoa entzun beharko ditugula, ilusio berriak denon partetik, baina zer aldatu zaigu lau urte hauetan? Horrenbeste gorroto genuen Eroski handia irekita, udaltzainen isun festak ez du amaierarik...


Eskerrak Bisiguaren Festa elitista zen eta orain daudenek aldatu egin behar ziguten!  Hala ere, herriko ostalaritzaren alde lan egin dela ezin da ukatu, uztailaren 20an herria bete genuen,  estropadak eta bisiguaren egunarekin, udako bi ekitaldi garrantzitsuenak egun berean jarrita. Zertarako eduki bi asteburutan herria beteta egun bakarrean eduki badezakegu?


Konturatzerako testua bete zait, baina ez dut nahi hau bere horretan geratzerik eta badut proposamen bat hartu nahi duenarentzat. Esan didatenez  Anibarko Portuan aparkatzea geroz eta zailagoa omen da, eta aldi berean hango ondarea zaintzeko semaforo bat jarriko nuke auzokoak soilik sartzeko.  Azken finean Goiko Kalekoak funtzionatu digu, isunak bakarrik jartzen ditu eta jendea oso gustura dagoenez...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!