Eduki berriak, garai berrietan; paperetik webgunera

Karkara 2015ko ots. 2a, 17:05

Internetaren olatuan arraunean aritzeko erronkari heldu genion mende laurdena bete genuenean, zerbait berria sortzeko asmoarekin. Aurrera doan arraunlarien moduan egiten ahalegindu gara, iraganera begira, haren gakoak berrasmatzeko helburuarekin.  Atari berriarekin berrituta etorri zen, iazko maiatzean, Karkara.com. Berehalakotasuna irabazi, multimedialtasuna sustatu eta komunitatean elikatu genuen orainkariarekin.

Abenduaren 3an .com izatetik .eus izatera pasa ginen. Euskara eta euskal kulturaren domeinuaren alde egin genuen, Interneteko lehen lerroan egotea garrantzitsua ikusten baikenuen.

Urte berriarekin, erronka berriak

2015 urtearekin batera, Karkara.eus eduki berriekin hornitu dugu. Atalak izeneko leihoa gehitu diogu menuari, paperean irakurritakoa elkarbanatzeko, ale bereziak sarean izateko eta euskal kulturaren kontsumoa bultzatzeko.

Izan ere, elkarrizketak, erreportajeak, kritikak, gutunak, iritziak, ale gehigarriak, bertsoak eta gomendioak izango dira Atalak leihoa elikatuko dutenak.

Paperekoa sarean

Teknologia etengabe  garatuz doa, eta, honekin batera, gizartea aldatuz.  Komunikazio tresna berriak ditugu, eta horrek komunikatzeko moduak aldatu ditu. Mugikorra, smart telebista, ordenagailua, tableta... pantailez inguratuta gaudenez, pantailen bidez komunikatzen gara, batik bat. Hori dela eta, kazetaritza sarean hauspotu nahi dugu.

Hortaz, Karkarako zenbakietako edukia webguneko Atalak orrira esportatuko dugu. Postontzian jasotako alean irakurritakoa orainkarira ekarri dugu, sare sozialetan elkarbanatu eta zabaldu ahal izateko.  

Ale bereziak eta gehigarriak

Festa programak, Kilometroetako ale berezia, arraun denboraldiaren laburpena... horiek guztiak ere bildu ditugu gehigarriak azpi-sailean.

Astero-astero, gomendioak

Asteburuaren atarian, ostiraletan, kulturarekin eta gastronomiarekin lotutako gomendioak egingo ditugu. Euskaraz, euskaldunak; euskal musika, literatura eta zinema indartzeko xedearekin.

Hilabeteko lehen ostiraletan musikarekin lotutako proposamena egingo dizuegu; hurrengo astean, liburu bat gomendatuko dizuegu; ondorengoan, sukaldari lanetan jarriko zaituztegu errezeta batekin; eta,  laugarrenean, ikusi beharreko film baten gomendioa egingo dizuegu.

Honekin guztiarekin, euskaraz irakurtzetik, euskaraz txiokatzeko edo euskaraz kontsumitzeko aukera eskura izan dezazun nahi dugu.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!