Ikastolako ikasleek Karkarako erredakzioa bisitatu dute

Karkara 2015ko ots. 4a, 12:34

Albisteak nola idatzi behar diren ari dira ikasten, eta, horretan sakontzeko, Karkarara etorri dira bosgarren mailako ikasleak

Kazetaritzan lehen urratsak ematen dabiltza Ikastolako bosgarren mailako ikasleak; paper zuriaren aurrean jarri eta albistea sortzeko eman beharreko pausoak ikasten dabiltza. Nondik hasi? Nora jo? Nola idatzi? Nola argitaratu? Galdera mordoa dituzte eta jakin-mina ere handia. Erantzun bila etorri dira Karkarako egoitzara.

30 ikasle inguruk egin digute bisita. Papereko alea eskuetan zutela, edizio programan duen itxura ikusi ahal izan dute. Inprentara bidali aurreko Karkara eta labetik atera berria nolakoak diren alderatu ahal izan dute, hortaz.

Horrez gain, karkara.eus atari digitalaren funtzionamendua ere erakutsi diegu; tripak eta azala. Internetak eta sare sozialek Karkaran duten garrantzia azaldu diegu, asko baitira Twitter edo Facebook bidez orainkarira joaten direnak. Albistea hainbat formaturen uztarketarekin osatu daitekeela ere ikusi dute, bideo eta argazkiekin, alegia.

Eguneroko lana ikusteaz gain, albisteak nola osatzen ditugun ere azaldu diegu. Albistea osatzeko beharrezkoak diren elementuak aipatu dizkiegu, informazio iturrietatik hasi eta albistea biribiltzeraino. Bide horretan, kazetaria erredakziotik kanpo aritzeak duen garrantzia azpimarratu diegu. Baina, gaurkoan, askok ezezaguna zuten hori ezagutu ahal izan dute: erredakzioa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!