Termometroak 0 gradu azpitik

Karkara 2015ko ots. 4a, 13:09
Argazkia: J.M Azkue

Alerta laranjan sartu gara gaur, otsailak 4. Elur-kota itsasoaren mailara jaitsiko da eta tenperaturak ere behera egingo du

Aia zurituta esnatu da gaur. Zuri-zuri zeuden muinoak eta belardiak. Goizean goiz zeru urdina zegoen arren, berehala hodeitsu jarri da eta prezipitazio txikia egin du, elur-bustia eta une batzuetan elurra. Litekeena da Aian ez ezik, itsasertzean ere zuritzea.

Negu giro gordina izango dugu datozen egunetan. Tenperatura -1 gradu eta 5 gradu bitartean izango da gaur, eta, bihartik aurrera, tenperatura jaitsi egingo da. Bi gradu zero azpitik izatera helduko gara, baina, sentsazioa bost gradu zero azpikoa izango da iragarpenen arabera.

Hotza ez ezik, izotz txikia eta elurra ere botako du. Elur-maila 0 eta 100 metro inguruan egongo da, hortaz, itsasertzetik hurbil eta itsasertzean zuritu egingo du. Dena den, prezipitazio guztiak ez dira elur forman izango, txingorra ere botako baitu.

Ostiralean gaur eta bihar baino prezipitazio gutxiago espero den arren, elur-maila itsasmailan izango da eta egiten duen gutxia elurra izango da, batez ere arratsaldean.

Itsasoa are eta zakarrago

Egunak aurrera egin ahala, haizea indartu egingo da. Itsasoa zakartu egingo da, nahiz eta olatuak ez diren 2 metrotik pasako.

Denboralearen argazkiak bilduko ditugu

Zuen argazkiekin bilduma osatu nahi dugu, hortaz, zauden tokian zaudetela atera argazkiak eta bidali email edo whatsapp bidez. Emailaren helbidea karkara@karkara.com da eta whatsapp zerbitzua 688 859 682.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!