Herri librea ehuntzeko garaia

Karkara 2015ko ots. 19a, 12:17

Gure esku dagok erabakia ehuntzeko bidean pauso bat aurrera egin nahi du. Horretarako ekainaren 20ra begira ekimena antolatu du. Orion eta Aian jada eman daiteke izena.

Eskuak elkarri lotuta eta libre sentitu ziren milaka lagun iazko ekainean. Durango eta Iruñea batu ziren, eskuz esku, herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko. Herritarron garaia dela eta, herriak hartu zuen hitza. Eta, orain, aurtengo ekainean, herritarrek, herri borondatearen jostunek, erabakia ehunduko dute. 

Ekainaren 20an izango da. Herriz herri eta auzoz auzo jositako oihalak elkartuko dira, hautestontzi erraldoiak atontzeko. Horretarako, lehenago, herri eta auzoetan oihalak ehundu behar dira. 20 laguneko taldea sortu, oihal zatia eskuratu, nahi baduzu apaindu, eta apirilaren 25ean, herriko talde guztien oihalak josiko dira. Honela, oihal zatiz osatutako oihal handi bat osatuko da.

Izen emateko aukera zabalik

Orion eta Aian, esaterako, jada zabalik dago ekimenean izena emateko aukera. 20 laguneko taldea osatu, bakoitzak euro bat ipini eta Rosi Lazkano antolatzaileari deitzea –671 070 569– nahikoa da. Berak taldeko arduradunari oihal zatia eta taldekide bakoitzarentzat saretu txartela emango dizkio. Garrantzitsua da oso txartel horiek ondo betetzea, oraingo honetan biziko inportantea baita partaide kopuruaren konstantzia argia izatea. Horregatik, antolakuntzatik txartelak ondo betetzea eskatzen dute.

Hortaz, lehen instantzian, herritarrek egin beharko dutena euroa ordaindu eta datuak zuzen ematea izango da. Gero, apirilaren 25ean, ehuntze eguna antolatu da eta herriko oihal guztiak josiko dira. Ekainaren 20an, herrika jositakoarekin hautestontziak atonduko dira.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!