IV. Babyauto bandera etxekoentzat

Karkara 2015ko ots. 23a, 14:29

Oriok irabazi zuen gizonezkoetan; emakumezkoetan, Zumaiak. Euria egin arren, zaletu asko gerturatu ziren giroa berotzera.

XXI. edizioa izatea arrakastaren erakusleiho da. Mila arraunlari baina gehiago, 87 talde, bi ordu inguruko arraun ikuskizuna. Oria ibaian barrena, Usurbilen hasi eta Orion bukatu. Oria ibaiaren ertzean ehundaka zaletu, aterpean babesa hartuta, animo-oihuka.

Arraun egiteko kondizio txarrak: kazkabarra eta euria, etengabe, deskantsurik gabe. Beroketa garaian ere euria goitik bera, barra-barra. Hotza franko, baina nola ahala berotu behar. Arraunean berotu ziren. Baldintza gogorretan emaitza onak lortu zituzten: gizonezkoetan bandera etxean gelditu zen, emakumezkoetan, hirugarren postuan sailkatu ziren oriotarrak.

Zaleen oihuetatik txarangaren doinuetara pasa ginen. Talai-mendi txaranga aritu zen jaitsiari hasi zenetik ospakizunera bitarte giroa animatzen. Sari banaketan kataluniarrak ere batu ziren festara, castellersa egin baitzuten banderak banatzen zituzten bitartean.

Emaitzak

Emakumezkoen lehen Babyauto bandera Zumaiak eraman zuen. Oriotarrak hirugarren gelditu ziren, San Juanen atzetik. Gizonezkoen IV. Babyauto bandera, ordea, etxean geratu zen. 20:19:51 denborarekin, lau segundoko aldearekin, Oriok irabazi zuen bandera.

Beteranoetan Zierbenak irabazi zuen 15:42:86ko denborarekin; jubenil - mistoen kategorian, San Pedrok, 15:11:70 denbora eginda; mediterraneoko llagutetan CN Betulo izan zen azkarrena, 20:40:27 denborarekin; eta, llagut Katalanetan, Club Premia de Mar, 21:06:67ko denbora eginda.

Jaitsieraren dosi txiki bat, bideoan

Bideoan bildu dugu bi orduko espektakulua. Arraunaren gogortasuna eta ospakizunaren samurtasuna biltzen ditu ikus-entzunezkoak.

Harrobiaren aurkezpena

Jaitsieraren eguna aprobetxatu zuen Arraun Elkarteak harrobiaren aurkezpena egiteko. 12:00etan elkartu ziren plazan, aurten Orio AEn arituko diren alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako arraunlari gazteak. Argazkian guztiak agertzen ez diren arren, 120 arraunlari dira guztira aurtengo harrobia osatzen dutenak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!