Orio 2030

Etorkizuneko Orio

Onintza Aiestaran 2015ko mar. 2a, 12:25

Gurera heldu da, eta ziur zuenera ere iritsi dela. Orioko Udalak herriko postontzietan banatu duen Orio 2030. Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzeko parte-hartze prozesua izeneko esku-orriaz ari naiz. Hasieran, kasu askorik egin ez niola aitortu behar dizuet, baina egun batzuetara, kuriositateak jota, eskuartean hartu nuen.

Liburuxka ireki eta lehenengo orrian honela irakur daiteke: Nolako Orio nahi duzu 2030. urtean? Ziur nago erantzun posible asko daudela, baina nik ez daukat nirea batere argi. Hori bai, badakit zer ez dudan ­nahi.

Alde batetik, porlan gutxiago eta berdegune gehiago nahi nituzke. Hilabete honetan, airetik Orioko hondartzari eta herriari ateratako argazki bat ikusi nuen. Karkara.eus-en eta, konturatu gabe, porlanezko egituretan jarri nuen nire arreta osoa. Bat-batean, tristura zabaldu zen nire barnean. Non daude Orioko berdeguneak? Bertan ditugu Itxaspe, Kukuarri eta Mendibeltz, baina, nire ustez, zelai eta berdegune gutxiegi daude herrigunean. Zein pozik ibiltzen ginen iraganeko autopista azpiko parke eta zelaietan!

Bestetik, nire iritziz, Oria ibaiaren inguruko bazterrak gehiago zaindu behar dira, eta horren baitan, ezinbestekoa da degradatutako eremuak berreskuratzea; Mutiozabal kasu. Oriotarrok ondorengo hilabeteetan erabakiko dugu herriak 2030ean izango duen hiri antolamendua. Gutako bakoitzak bere iritzia dauka eta proposamen guztiak ongietorriak dira. Beraz, animatu eta parte hartu prozesuan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!