Zaborrarekin bueltaka

Mikel Iruretagoiena 2015ko mar. 2a, 12:32

Kontua da gure gizatasun-tasa birziklatze-tasa baina askoz baxuagoa dela. Era egokian birziklatzeko obligaziorik eta kontrolik egon ezean, gure obligazio moralaren gain geratzen da erabakia

Badira hilabete batzuk udaletxeko balkoian gure birziklatze-tasaren kartela jarri genuela, gure gizatasunaren termometro hori. Hasierako susperraldi hura atzean utzita, gaur egun badirudi ezin dugula %40tik pasa. Zertxobait hobetu dugu, baina ez da nahikoa. Etsigarria da.

Zaborra jaisten dugun bakoitzean edonork ikus dezake errealitatea zein den. Edukiontzi berde-iluna, teorian gutxiena erabili behar zena, gainezka egoten da ia beti, beste koloreetako edukiontzietan egon beharko  luketen gauzez beteta. Etxean zaborra sailkatzea deserosoagoa da, leku gehiago eskatzen du, lan gehiago... Horregatik da hain erraza sortutako zabor guztia poltsa batean sartu, badaezpada bi aldeetara begiratu, eta zast! edukiontzi berde-ilunera botatzea. Gure bistatik kendu eta kito, arazoa konponduta.

Kontua da gure gizatasun-tasa birziklatze-tasa baina askoz baxuagoa dela. Era egokian birziklatzeko obligaziorik eta kontrolik egon ezean, gure obligazio moralaren gain geratzen da erabakia. Eta hemen,  birziklatze-tasak adierazten duen bezala, era guztietako espezimenak agertu zaizkigu.

XXI. mendean zabor-ekoizle prestuak bihurtu gara denok. Supermerkatuetatik alferrikako ontziz beteta gatoz etxera handik bi egunera zabor-poltsa goraino betetzeko. Beirazko botila huts bat edukiontzi berdean hautsiz ingurumenaren alde ari garela sinestarazi digute, behin bakarrik erabili den botila hori garbitu eta berrerabili daitekeela pentsatu gabe. Janaria erruz alferrik galtzen dugu etxeetan, jangeletan eta jatetxeetan eta konpostaje plantak eraiki behar ditugu platerekoa husteko gai ez garelako.

Bitartean gure zabortegiak itxi ditugu, baina nafarrak betetzen segitzen dugu. Errauste plantarik ez dugu nahi minbizia eragiten dutelako, baina ez gara gai zabor gutxiago sortu eta hori ondo kudeatzeko. Atez-atekoaren kontra gaude, antiestetikoa eta garestia delako, baina gure esku utzi dutenean, zer egiten dugu?... Ba horixe: bi aldeetara begiratu  eta zast! gure poltsa zikina edukiontzi berde-ilunera bota.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!