Gitarra honen barrunban, gitarra honen burrunban

Iban Lertxundi 2015ko api. 28a, 17:51

Joseba Irazokik kontzertua eskaini zuen apirilaren 17an, orioko kultur etxean. Bakarrik egon zen eszenatokian.

Gaurkoan normalean baino lasaiagoa izango da, iragarri zuen Irazokik Kultur Etxean sartu aurretik. Areto nagusian, beltzez jantzia, giro intimoa sortu zen: Irazoki eszenatokian eta, harmailan eserita, hirurogei bat lagun, asko jota. Eta bai, ohi baino zertxobait bareago aritu zen, gitarra elektrikoaren soinu zikinenak ez baitziren melodia finagoen aurrean erabat gailendu.

Ahotik ahora jo aurretik, aitortu zuen pieza hori jotzen duenean oholtzan ondoan izan ohi dituen adiskideen falta sumatuko zuela. Ez zait iruditzen, ordea, ikusleek hutsunea nabaritu zutenik, bakarrik ere ondo asko moldatzen baita Berako artista. Ikusi besterik ez dago nola erabili zituen, maisutasun osoz, gitarra, danbor baxua, kriskitindun maraka eta beste zenbait tramankulu. Loop stationa bidelagun zuela, esperimentu musikalen laborategi bilakatu zuen eszenatokia.

Ordubete eskas iraun zuen kontzertuak. Denbora nahikoa, nolanahi ere, zein tankerako artista den erakusteko: polifazetikoa, eklektikoa, inkonformista.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!