Zingiran haurren hazkuntza autonomoa helburu

Karkara 2015ko api. 28a, 17:53

Hezkuntza eredu berri bat garatzeko gogoz, familia talde bat elkartu zen duela hiru urte Zingiran. Kimabe elkartea sortu zuten heziketari buruz hausnartzen dute, haurren ikaskuntza garatzeko testuinguru egoki baten bila.

Naturaren erdian dago Zingira, Aiako Olaskoegia auzoan. Pagoetako parke naturala oso gertu dauka eta Makatzaga erreka pasatzen da ondotik. Udan zehar kanpina den gunean lasaitasuna da nagusi; errekaren eta animalien hotsek bakarrik hausten dute isiltasuna. Eta, astelehenetik ostiralera, umeen jolas-hotsek.

Zingiran du kokalekua Kimabek, hazkuntza autonomoa garatzeko elkarteak. Hamar familia bildu dira hezkuntza eredu berri bat garatzeko, balio demokratikoetan eta bizikidetzarako askatasun eta betebeharren printzipioetan oinarritutako hezkuntza modeloa. Haurren behar kognitibo, sozial eta emozionalak asetzean datza proiektua, hezkuntza sistema ofizialak erabiltzen duenaren bestelako metodologia bat erabilita.

Hezkuntzarekiko kezkak proiektu bihurtu dituzte

Haurrak oso txikiak zirela hasi ziren elkartzen gerora Kimabe elkartea izango zeneko kideak. Haurren hazkuntzan zituzten dudak elkarbanatzeko elkartzen ziren, eta hezkuntzaren inguruan hausnartzeko. Horrela, hezkuntza eredu alternatiboak ezagutzen joan ziren, informazioa jasotzen, eta beren seme-alabentzako egokiena izan zitekeen ereduari buruz hausnartzen.

Hainbat faktore elkartzeari esker, aspaldian airean zuten proiektu hura martxan jartzeko momentua iritsi zen duela hiru urte. Espazio egokia aurkitu zuten eta taldea indartsu zegoen; ibilbide berriari ekiteko garaia iritsi zen.

Behin kokalekua lortuta, berehala hasi ziren kanpina egokitzen eta, eskulana eta berrerabilpena oinarri hartuta, lan horretan haurren parte hartzea sustatzen. Hiru urte pasa dira geroztik eta hamar familia biltzen dira orain Zingiran: hamalau haur eta hogei heldu baino gehiago. Familia handi bat osatzen dute guztien artean.

Eredu alternatibo bat

Jean Piaget psikologo suitzarrak zioen haurrak berezkoa duela ikasteko nahia eta grina. Hori da Zingiran funtsean errespetatzen duten baldintza. Hortik abiatuta, ideia horren inguruan eraikitzen dute espazio eta material guztia, haur bakoitzak nahi duenean, eta prest dagoenean, berak ikas dezan.

Baldintza horietan haurrak azkarrago ikasten dutela zioen Piagetek. Helduoi ere gertatzen zaigu hori –dio elkarteko kide batek–: zerbait gogoz egiten denean askoz errazago egiten dugu, inposatutakoa edo egin beharrekoa denean baino.

Pertsona guztiak desberdinak direnez, bakoitzak desberdin ikasten duela kontuan izanda sortu da proiektua. Haur bakoitzaren bidea zaintzen dute. Zenbakiak ikasteko garaian, adibidez, batek dendatara jolastea gustatzen zaiolako ikas ditzake –txanponak kontatu, prezioak...– eta beste batek dinosauro zalea delako eta bakoitzaren pisua, luzera eta ezaugarriak erakusten dituen kromoak dituelako.

Piaget eta Maslowen esanak, eta beste hezkuntza proiektuen ibilbidea eredu hartzen badituzte ere, proiektu propioa sortzen ari da Kimabe. Ez dugu metodologia zehatz bat jarraitzen –diote–. Eredu bakoitzetik interesatzen zaiguna edo gure ustez haurraren beharrak ondoen asetuko dituzten gauzak hartzen ditugu eta martxan jartzen ditugu.

Badira hainbat funtsezko kontzeptu Kimaberen hezkuntza proiektua ulertzeko. Batetik, haurrak hezkuntza komunitateko kide aktibo dira. Inguruarekin elkarreraginean bere gaitasunak garatu eta esperientzien bidez ikasten joango da. Bestetik, jolas espontaneo eta librea da ingurunea ezagutu eta ezagutza horiek barneratzeko gakoa; horrek, ikasketa prozesua plazera bihurtuko baitu. Hirugarrenik, ezinbestekoa da espazioa haurraren beharretara egokitua egotea. Eta, azkenik, prozesu guzti horretan helduek izango duten jarrera da hori guztiari forma emango diona.

Helduak, bidelagun

Haurrak beren ikaskuntzan partaide aktibo izatea oso garrantzitsua da Kimabe proiektuan; horregatik, ikasketa prozesu horretan helduek izan behar duten jarreraz hausnartzen dute. Heldua izango da haurraren ikasketa prozesuan bidelaguna, prozesu horren protagonista haurra bera izango dela ziurtatuko duen pertsona.

Haurrek denbora guztian izango dute laguntza emango dien bidelagun bat ondoan, baina asko zainduko dute beren jarrera, haurrak presiorik gabe –helduena edo beste haurrena– bere motibazioaren indarrez egin nahi duena egiteko askatasuna sentitu dezan. Garrantzitsua da helduaren arreta izatea, behar duenean ideiak eta zalantzak entzuteko, baina baita bere aurkikuntza propioak egiten uztea ere, inongo oztoporik jarri gabe.

Egiten duten lan pertsonala egiten dutela, helduaren maitasuna eta errespetua dituela, eta ez beste zerbait espero zuela  sentitzea ezinbestekoa da. Horrez gain, bidelagunak laguntza praktikoa emango dio haurrari, eta zerbait gaizki ateratzen zaionean, nola sentitzen den ulertu eta bere frustrazioa entzungo du.

Egunerokotasuna guztien artean adosten

9:00etatik 15:00etara joaten dira Zingirara. Hamalau umeak eta hiru bidelagun egoten dira egunerokotasunean –urtean zehar kopurua aldatzen joaten da beharren arabera–.

Bi adin tartetan banatzen da taldea: 6 urtetik beherakoak eta 7 urtetik gorakoak. Txikienekin jolas espontaneoan aritzen dira batez ere: jolas sinbolikoa, marrazketa, psikomotrizitatea, esperimentazio bidezko ezagutza...

Helduenekin dinamika bestelakoa da. Interes pertsonalentzako tartea hartzen dute lehen orduan. Garrantzia berezia du tarte horrek, motibazioa dagoenean haurra ikasteko irekiagoa dagoela jakinda ere, askotan haurrek ez dutelako beren lan pertsonala egiteko tarterik hartzen lagunekin egoteko gogoa gailentzen zaienean.

Interes pertsonaleko tartearen ondoren, egunean zehar eduki akademikoak lantzeko tailerrak egiten dituzte. Lan pertsonalaren tartean banakako lana sustatzen den bezala, taldeko lana egitea ere ezinbestekoa da Kimaberentzat. Horregatik, haurrek eta bidelagunek elkarrekin adostutako edukiak lantzen dituzte tailer horietan: matematika, zientzia, planoak, historia, kirola, hizkuntza...

Hezkuntza sortzaileko tailerrak ere egiten dituzte espresioa lantzeko. Pintura, buztina, mugimendua eta eraikuntza lantzen dituzte, besteak beste. Elkarren arteko konparaketarik eta bidelagunen aldetik inongo presiorik ez egotea bereziki zaintzen dute tailer horietan, kontziente baitira askotan helduen komentarioek haurren jolasa zapuztu dezaketela, sormenak eta adierazpenak egiteko modu jakin bat behar balu bezala.
Asteazkenetan txangoak egiten dituzte, eguneroko dinamikatik atera eta beste testuinguruak ezagutzeko. Naturara joaten dira batzuetan; zuhaitzetan txabolak egitera edo erreka ezagutzera. Ondoko baserrikoekin harremana dute. Museoak, helduen lanbideak eta inguruko herriak ezagutzera joaten dira.

Hori guztia ostiralero haurrek eta bidelagunek egiten duten bileran erabakitzen dute. Haurrek beren nahi eta beharrak adierazteko eta elkar entzuteko gunea da; izan ditzaken konfliktoak kudeatzeko eta beren sentimenduak adierazteko. Horrez gain, haurrek ere elkartearen funtzionamenduan parte hartzen dute –elkarbizitzako arauak denen artean adosten dira– eta hurrengo asteko lanak planifikatzen dituzte –tailerrak, txangoak eta abar–.

Zailtasunak eta pozak

Zailtasunez hitz egitean dedikazioa aipatu dute Kimabeko kideek. Hemen dena guk egiten dugu: kozinatu, garbitu, antolatu, eraiki, bidelagun izan... horrek zenbait momentutan esfortzu handia eskatzen du.
Elkarbizitzak ere bere alde onak eta txarrak dituela diote; izan ere, Zingiran harremanak oso zuzenak dira. Batzuetan desadostasunak eta konfliktoak egon daitezke, eta hori lantzea aberatsa bada ere, ez da beti erraza. Alde horretatik haurrengandik asko ikas daitekeela aipatu dute.

Zailtasunak zailtasun, haurren garapena ikustea eta beren bidea egiten doazela ohartzea magikoa dela diote. Batzuetan ez dakizu nola, non edo noiz ikasi duen zerbait, baina zu gainean egon beharrik gabe barneratzen dituzte gauzak.

Horrelako proiektu bat aurrera ateratzea da beste onura bat: gure bidea egitea eta ideiekin koherente izatea, nahiz eta zailtasunez betetako bidea izan, satisfazio pertsonal handia da berentzat.

Beste hezkuntza proiektuekin harremanetan

Nork bere bidea egiteko besteena ezagutzea lagungarri izan ohi da. Horregatik, ingurunetik edateaz gain –herria, eskualdea, probintzia...–, beste hezkuntza proiektuetatik ere elikatzen da Kimabe.

Adibide ugari daude mundu mailan –Sumerhill, Reggio Emilia, Pestalozzi, Bambini Montesori, Loczy-Pikler instituzioak, Freineta eskolak...–, eta baita Euskal Herrian bertan ere: badira dozena bat urte baino gehiagoko esperientzia duten hezkuntza proiektuak gure inguruan.Tximeleta Iruñan, Bizitoki Behauzen, Goiztiri, Geroa, Ur tanta, Kortiñe, Umerri, Bizilore, Basotxo, Plisti Plasta, Aboragune, Mara-Mara....

Espainia mailan, Hezkuntza Askatasunaren aldeko Elkarteak –ALE– elkarretaratzeak antolatzen ditu urtero. Beren esperientzia beste familiekin elkarbanatzen dute Kimabekoek bertan. Familia asko elkartzen dira han eta beren kezkak, arazoak, konponbideak, hausnarketak eta abar partekatzen dituzte. Haurrentzat ere oso ondo dago topaketa hau –diote–, elkar ezagutzeko aukera dute eta berak ere esperientziak trukatzen dituzte.

Beste proiektu eta elkarteekin harremana izateak beren proiektua garatzen eta definitzen laguntzeko balio duela diote. Oinarrizko ideian eta jakin-minean bat egiten dute proiektu horiek guztiek. Bakoitzak izandako  esperientziak ezagutzea aberasgarria da Kimaberentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!